Gipuzkoako erremonte kopan izango da Ion Etxeberria

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2012ko eka. 8a, 13:02
Gipuzkoako erremonte kopako aurkezpenean, ezkerretik bigarrena Ion. (remonte.blogspot.com)

Kutxa Erremonte Txapelketa bihar, zapatua, hasiko da. Bestalde, gaur, ostirala, erabakiko da Azpeitiko Erremonte Txapelketako finalean zein bikote arituko diren. 18:30ean hasiko da kanporaketa, Izarraitz pilotalekuan.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2012ko Saria-III. Erremonte Kopa aurkeztu zuten herenegun Foru Aldundiaren egoitzan, Donostian. Txapelketa hori antolatzen parte hartuko dute, Lazkaoko, Segurako, Amezketako eta Zestoako udalek. Txapelketan sei erremontistak hartuko dute parte, eta bat da azpeitiarra: Ion Etxeberria. Bikoteka ariko dira lehian: Zeberio II.a eta Ion, Urriza eta Etxeberria III.a eta Etxabe II.a eta San Miguel.

Gipuzkoako erremonte txapelketaren helburua lurraldeko udalerrietan erremontea ezagutzera ematea, eta herrietako pilota elkarteetakoei modalitate hori sustatzeko ahalegina egitera animatzea da.

Erremontea, herrietara

Gipuzkoako erremonte kopa Aitor Sarriegi Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol zuzendariak eta Jaime Agirre Euskal Jai Berri Erremonteko Fundazioaren zuzendariak aurkeztu dute. Hauekin batera, aurkezpenean izan dira Gipuzkoako federazioko lehendakari Patxi Jauregi, Oriamendi 2010 erremonte enpresako arduradun Francis Sistiaga, eta txapelketan parte hartuko duten lau pilotari. Aldundiko kirol zuzendariak azaldu du txapelketak  orain urte batzuk egindako apustua berresten duela: "Garrantzitsua da horrelako txapelketak antolatzea erremontearen egoerari buelta emateko, euskal kirola den heinean, gure apustua garrantzitsu bat baita". Gipuzkoako Pilota Federazioko Patxi Jauregik herrien parte-hartzea nabarmendu du. "Pilota modalitate hau Gipuzkoan ezagutarazteko ezinbestekoa da herriak txapelketa hau kirol egitarauan barneratzea". Era berean, Aldundiaren babesa eskertu du Jauregik. "Batez ere, pilota, herri kirolak, eta, oro har, euskal kirolekin duen konpromisoarengatik, egoera den modukoa izan arren".

Aurrena, hiru partidako ligaxka jokatuko dute Lazkaoko, Segurako eta Amezketako pilotalekuetan. Ligaxkako lehen bi bikoteek finala jokatuko dute ondoren Zestoan. Bihar, zapatua, da lehen partida Lazkaon, 11:00etan. Han, Zeberio II.ak eta Ionek Urriza eta Etxeberria III.aren aurka jokatuko dute. Horiez gainera, beste erremonte partida bat ikusteko aukera egongo da: Matxin III.a eta Endikak Zulaika eta Urkoren kontra jokatuko dutena.

Finala Zestoan izango da, San Pedro egunez, ekainaren 29an, 22:30ean hasita. Ligaxkako bi bikote onenak neurtuko dira, eta partida Navarra TV-ek emango du zuzenean.

Kutxako txapelketa ere abian

Banakako Kutxako Erremonte Txapelketa ere aurkeztu dute. Galarreta frontoian (Hernani) jokatuko da bihar, zapatua, hasita. Txapelketa honetan Azpeitiko zazpi erremontistak hartuko dute parte: Ionek, Etxeberria IV.ak, Agirrezabalak eta Matxin III.ak.

Azpeitiko finala, erabakitzeko

Azpeitiko XIII. Erremonte Txapelketako finala nork jokatuko duten gaur, ostirala, jakingo da. Kanporaketako azkenengo partida gaur jokatuko dute, 18:30ean hasita, Izarraitz pilotalekuan. Otaegik eta Ionek Etxabe II.aren eta Zubizarretaren kontra jokatuko dute lehen partidan. Azken bikote honek partida irabazi edo gutxieneko tanto bakar baten aldeaz galduta lortuko du finala jokatzeko aukera. Otaegi eta Ionek, berriz, gutxienez 40-32 eginda irabazi beharko dute gaurkoa finala jokatu ahal izateko.

Segidan, txapelketako B taldean ari diren Matxin VI.a eta Agirrezabalak Etxeberria IV.a eta Aizpururen kontra jokatuko dute. Kasu honetan irabazlea pasatuko da finalera.

Maiatzaren 25ean hasi zen Azpeitiko Erremonte Txapelketa Izarraitz pilotalekuan eta finala gaur zortzi jokatuko da.