EHUren udako ikastaroetako bat Azpeitian emango du Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioak

Uztarria.eus 2012ko eka. 5a, 18:11

Burdinbidea, Iraunkortasuna  eta Lurralde Antolamendua: gaur eguneko egoera eta etorkizuneko ikuspegiak testuinguru globalizatu batean da ekainaren 27tik 29ra Loiolako Arrupe Hotelean emango duten ikastaroaren izena. 

Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioak, lehen aldiz, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Udako Ikastaroen barruan Azpeitian egingo den ikastaro bat antolatu du. Burdinbidea, Iraunkortasuna  eta Lurralde Antolamendua: gaur eguneko egoera eta etorkizuneko ikuspegiak testuinguru globalizatu batean da ekainaren 27tik 29ra Loiolako Arrupe Hotelean emango duten ikastaroaren izena.

Christine Delfour, Pariseko Marne-la Vallée Unibertsiateko katedraduna, eta Maitane Ostolaza, Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioko zuzendaria, izango dira hiru egun iraungo duen kurtsoaren arduradun nagusiak. "Kurtso honek, historiaren ikuspegitik burdinbidearen esanahi sozial eta ekonomikoa aztertzea, Eropako integrazio prozesuan burdinbidearen ekarpena ikertzea eta, besteak beste, lurralde antolamenduan eta plangintzan Europako burdinbide sareek duten inplikazioetaz sakontzea du helburu", azaldu dute fundaziotik. EHUrekin lankidetzan ez ezik, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren eta Iraurgi Lantzen agentziaren laguntzarekin antolatu du ikastaroa Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioak.

Matrikulaziorako bekak

Ikastaroan parte hartu nahi dutenei matrikula ordaintzerakoan erraztasunak emango dizkie fundazioak; matrikularen azken prezioaren gainean %50eko deskontua egingo die, hain zuzen.

Ikastaroaren gaineko informazioa edota matrikularen eta beken gaineko xehetasunak nahi dituenak comunicacion@bemfundazioa.org helbidera idatzi behar du.