Banco Santanderren Azpeitiko kasua

Pako Aristi (Berria) 2012ko eka. 4a, 12:59

                         

Badira euren izena euskaratzen duten banketxeak, bulegoak langile monolinguez josirik mantentzen dituzten bitartean. Azala asko zaintzen duen gizartean bizi gara; azalari begirako politikak bizi ditugu. Baina ez da hori Banco de Santanderren kasua; Banco de Santander izaten jarraitzen du Euskal Herrian, Espainian, eta beste atzerrietan. 

Azpeitian duen egoitzara joan nintzen goiz batez, diru sarrera bat egitera, Azpeitia bezalako herri euskaldunean bizitzeak ematen duen konfiantza horrekin, baina egunon esaterako entzun nuen hola kezkagarri baten oihartzuna bueltan. Leihatilan gizon bat, apur bat deseroso, apur bat gogaitua, ez dakit nirekin hala bizitzarekin. Ya está, pentsatu nuen: arazo linguistiko bat goizean goizetik. Baina norentzat? Niretzat? Ezta pentsatu ere. Euskaraz jarraitu nion, mantso, oinarrizkoa uler zezan; berak espainolez. Lortu nuen operazioa burutzea, baina ez egoera bitxia burutik kentzea.

Noiz bukatu behar du euskaldun guztion bizitzan errepikatzen den istripu honek? Nola bukatu horrekin? Lau modu daude egoera honen aurka egiteko: bat, gizona sentsibilizatzea eta esatea, beno, Azpeitira noa lanera, mundu guztiak euskara egiten duen herrira, ikas ditzadan nire lanerako oinarrizkoak diren terminoak; bi, enpresa sentsibilizatzea, ondorio berera iristeko, langilea behartuz; hiru, euskaldunok boikota egitea banketxe horri; eta lau, Kontsumitzailearen Estatutuaren bidez jendaurreko zerbitzuak dituzten enpresa guztiak euskara hitz egitera behartzea.

Sentsibilizazioaren esku ezin da utzi hizkuntza baten hedapena, ez du inoiz funtzionatu inongo naziotan. Gure boikot ahalmena, berriz, sustraitik zikiratu du klase politikoak hamarkada hauetan ezarri duen Geldotasun Orokorraren Plangintzaren bidez. 22 segundo soilik irauten du boikoterako gure kemenak: Espainiako himnoari jotzen dizkiogun txistuen neurria.

Nire lana ez da gizon horri euskara erakargarri egitea, ezta erretolika kontzientziatzailea botatzea ere; nire lana da euskara ahalik eta txukunen eta ondoen hitz egitea, eta nire eskubidea da euskaraz atenditua izatea Euskal Herriko leihatila guztietan. Berriro diot: guztietan.

Gure gobernuari galdetzen diot: Zer egin behar duzu nire eskubide linguistikoen alde? Ezer ez? Orduan ez zaitut nahi. Zuk ez duzu balio herri hau defendatzeko. Zu kolonizatuta zaude, kolonizatuarena da zure politika. Zu kanpora! Nik esango diot Eusko Jaurlaritzari: 30 urte dira sortu zinela, eta oraindik horrela? Ezin duzu lortu euskal hiztunen %80a daukan herri bateko bankari xume batek ere euskaraz egitea? Zuk ez duzu balio ezertarako, eta arriskutsua zara herri honentzat, sinestarazten diozulako izugarria dela zure prestigioa, gaitasun asko dituzula. Ezertarako balio ez, eta gainera herria lokartu egiten duzu. Ezker abertzalea ere konbentzitu duzu izugarri garrantzitsua dela zu eskuratzea, independentista zirenak autonomista bihurtuz. A zer galera herri baten fundamenturako! Zu kanpora, gaurtik bertatik!

Laugarren aukerak, tristea da, geure artean dauzka etsairik handienak. Berriki Jaurlaritzak atzera bota du isunak jartzeko aukera. Ni zeharo harritzen naiz gauza hauekin. Isuna da gizartearen kohesioa mantentzen duen tresna eraginkorrena; enparantzan pixa egiten baduzu isuna duzu, baina eskubide linguistikoak osagarri zerutiar dira nonbait. Huskeriari isuna, funtsezkoari paso egiten diogun bitartean.

Baina are gehiago harritu nintzen martxoan elkarrizketa batean Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikako sailburuorde ohiak esan zuenarekin. Ez dut ezer Baztarrikaren aurka, haren politikaz ari naiz. Bere garaian onartutako Dekretuari aplikazio mugatua egin omen zioten, euskal enpresen %6,5ari soilik ezarriz. Kazetariak horren arrazoia galdetzen dio, eta Baztarrikak: «Mailakatasunaren printzipioa aplikatu nahi izan genuen. Ezin dira gizartean aldaketa linguistikoak eragin gauetik goizera, ezinezkoa da, eta gehiago desoreka linguistikoaren egoeran».

Alegia: desoreka bat dago hemen euskararen kaltetan, zu politikan sartu zara, boterea lortu duzu, tresna legalak dauzkazu desoreka hori berdintzeko, eta ez, uko egiten diozu tresna horiek erabiltzeari, desoreka linguistikoa handia delako. Ez dut ezer ulertzen. Eskuan daukazu desoreka murrizten hasteko tresna! Tresna legala da, legitimoa, demokratikoki lortu duzuna, horretarako eman dizkizute botoak. 

Tresna hori azken muturreraino eraman behar duzu, bere ahalmen guztien mugaraino; desoreka hain handia bada, hor duzu justifikazio nagusia. Jan iezaiozu desoreka horren angeluari %25 bat zure legealdian, eta famatuko zaitugu. Horregatik diot, maiz, euskaldunok ez dugula botorea nahi, ez ditugula ulertzen boterearen mekanismoak, ez dakigula zer egin boterearekin.

Boterearekin zer egin ez dakiten pertsonei, alderdiei ez genieke politikan sartzen utzi behar. Bostehun urtetan ez dugu ezer inposatu, eta orain mailarik azalekoenean ere zerbait derrigortzen hasteak izua ematen digu. Horren ondorioa da sedukzioari diogun lilura; a zer-nolako arrakasta izan duen hemen euskarak erakargarri izan behar duela dioen leloak! Sedukzioa ez da tresna politiko bat, ahularen auto-engainurako amarru tristea baizik.

Euskaldunok gure ADNan daramagu, su goritan ipinitako zigilu batez azalean txertatu baligute bezala, honako agindu hau: "mila aldiz behartuko zaituzte hizkuntzaz aldatzera". Sei hitz, madarikazio bat, bizi osoko kondena. Hain barneratua dugu, non ez zaigun desobeditzea bururatzen, edo bere ifrentzua ezartzea espainol monolinguei: "Ikasi euskara, zeren eta laster batean mila bider behartuko zaituztegu hizkuntzaz aldatzera". 

Eta hori estatu propio batek bakarrik lor dezake; hori da herri honen eskubideak bere luraldearen mugetan ezarri, garatu eta derrigortu ditzakeen egitura politiko ezagun bakarra.