Udalak uztailean eman nahi dio hasierako onarpena Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari

Uztarria.eus 2012ko mai. 31a, 19:53
Plan Orokor berria lantzen ari da Udala. Argazkian, Aholku Kontseiluarekin atzo, asteazkena, egindako bilera. (AZPEITIKO UDALA)

Aurreko Udala lantzen hasita zegoenarekiko zenbait aldaketa izango ditu: etxebizitza gutxiago egitea aurreikusten du, hazkunde urbanistikoa Esklabak-Iturzulo aldera bideratzea, eta eraikitzen diren etxebizitzen ia erdia babestutakoak izango dira. Planak zortzi eta hamar urte bitarteko iraupena izango luke.

Asko luzatu den prozesuaren ondoren, Udalak saninazioak baino lehen eman nahi dio hasierako onarpena Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari. 2009an onartu zuen udalbatzarrak Plan Orokor berria egitea, EAEko Auzitegi Gorenak 2007an onartutako Arau Osagarrietan jasotako zenbait hirigintza plan -Etxebeltz-Izarrakoa, Soreasukoa eta koartelekoa- baliogabetu ondoren. "Lan zaila eta gogorra izan da, baina une honetan zirriborroa oso landua dugu eta udal barnean eztabaidatzen ari da", adierazi du Eneko Etxeberria alkateak.

2007an onartutako Arau Osagarrietan Loiolako etorbidearen bueltako eremuetan jasotako garapen urbanistikoak -Etxebeltz-Izarran etxebizitzak egitea, baina Esklabetan eta Izarraizpen ez- gatazkak eragin zituen bere garaian, eta gatazka horiek epaitegietara trasladatu ziren. Epaibidea ez da oraindik bukatu eta, horrela, Espainiako Auzitegi Gorenak 2007ko hirigintza planaren gaineko ebazpena laster emango duela dirudi. Udal gobernuaren ustez, "epaiak ez dira Udalaren aldekoak izango". Orain lantzen ari diren Plan Orokor berriak "soluzioak" dituela dio, ordea, Etxeberriak.

Corrugados eta Esklabak-Iturzulo

Aurreko Udala lantzen hasita zegoenarekiko zenbait aldaketa izango ditu hirigintza plan berriak: etxebizitza gutxiago egitea aurreikusten du, hazkunde urbanistikoa Esklabak-Iturzulo aldera bideratzea, eta eraikitzen diren etxebizitzen ia erdia babestutakoak izango dira. Planak zortzi eta hamar urte bitarteko iraupena izango luke, horrelakoetan ohikoa denez.

Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolakuntzarako Batzordeak, udalerri bakoitzaren biztanlegoa-eta kontuan hartuta, irizpideak zehazten ditu; hirigintza plan batek iraungo duen denboran eraiki beharreko etxebizitza kopuruarena, esaterako. Azpeitiari dagokionez, eta Jaurlaritzaren irizpideen arabera, 1.037 eta 1.586 artean dago eraikitzea aurreikusi beharreko etxebizitza kopurua. Uztailean hasierako onarpena jasoko duen hirigintza planean 1.246 etxebizitza egitea aurreikusten da, aurreko Udala lantzen hasi zen plangintzan baino %18 gutxiago (1.518 etxe eraikitzea jaso zuten orduan).

Etxebizitza kopuruaren murrizketa hori Amueko eremuarekin lotuta dago. Aurreko hirigintza plangintzak herriaren hazkundea nagusiki Amueko eremura bideratzen zuen, Corrugados Azpeitia enpresak han dituen labeak-eta Lasaoko lantegi berrira eramango zituela kontuan hartuta. Plangintza hura egin zenetik gaur egunera Corrugadosen egoera asko aldatu da, baina, eta egoera berria kontuan hartuta ari dira lantzen Hiri Antolamenduko Plan Orokorra. Amueko edo Corrugadosen eremua ez dute zatika garatu nahi, osorik baizik. Alkateak bi arrazoi nagusi azaldu ditu: "Batetik, herriko gune garrantzitsuena da eta ondo egitea merezi du, ondo diseinatzea. Eta, bestetik, labea hor dagoela ez da etxeak egiteko leku aproposa".

Horrenbestez, 2011ko maiatzean Corrugados dagoen eremuan 750 etxebizitza egitea aurreikusi bazuten, orain Udalak 468ra jaitsi du kopuru hori. Amue-Corrugadosera bideratutako hazkundea denboran luzatu daitekeela kontuan hartuta, Esklabak-Iturzulo eremuak izango du lehentasuna hazkundeari begira, hirigintza plan berrian; han 290 etxebizitza eraikitzea dago aurreikusita. Hazkunde hori "aurreko planean iragartzen zena baino askoz txikiagoa eta mugatua" izango dela zehaztu nahi izan du Eneko Etxeberriak, eta "Izarraizpe eremuan etxeak ez egitea" proposatzen dela ere nabarmendu du.