Soreasu auzoa urbanizatzeko lanak hasi dituzte

Uztarria.eus 2012ko mai. 25a, 20:15
Soreasu auzorako sarrera-irteera errepidean ari dira egunotan lanean.

Espaloi berriak egin eta aparkalekuak berritu eta txukunduko dituzte. Lanek 170.000 euroko aurrekontua dute, Ekin enpresa ari da egiten eta, udal arduradunek adierazi dutenez, Santioetarako bukatzea aurreikusten dute.

Udalak aste honetan hasi ditu Soreasu auzoa urbanizatzeko lanak. Udal arduradunen esanetan, Denon Artean prozesu parte-hartzailearen barruan Soreasuko bizilagunekin egindako bileran auzotarrek azaldutako kexak eta egindako proposamenak kontuan hartuta jarri dituzte martxan lanak: "Udala eta Soreasuko bizilagunak bildu zirenean, auzoak izan duen utzikeria salatu zuten; besteak beste, segurtasun falta, oinezkoentzat lekurik eza, argiztapen txarra edo aparkalekuak ez margotzea, eta oinarrizko azpiegiturak eskatu zituzten".

Hain zuzen ere, hasi berri diren hiritartze lanekin espaloi berriak egin eta aparkalekuak berritu eta txukunduko dituzte. Oinezkoek duten gune gabeziari aurre egiteko, 11 eta 12 zenbakidun eraikinetatik hasi, eta 5, 4 eta 3 zenbakietara bitartean espaloi-arrapala berria egingo dute. Gainera, aparkalekuak berritu eta txukunduko dituzte. Bide batez, lan horiekin, auzoan euri-urekin izaten diren arazoei irtenbidea emango zaie.

Bestalde, 4, 3 eta 2 zenbakietatik hasi eta ibai aldera bitartean oinezkoentzako bidea egokituko dute. Hori behin-behineko irtenbidea izango dela esan dute; izan ere, hurrengo urtean, lanen bigarren fasearekin jarraituz, espaloia egiteko asmoa duela iragarri du Udalak.

Orain hasi diren lanek 170.000 euroko aurrekontua dute, Ekin enpresa ari da egiten eta, udal arduradunek adierazi dutenez, Santioetarako bukatzea aurreikusten dute.