Zapatuan jokatuko dute Azpeitiak eta Azkoitiak Herriartekoaren joanekoa, Frontoi Txikin

Uztarria.eus 2012ko mai. 24a, 20:48

Aurtengo txapelketako lehen kanporaketa izango da bi taldeentzat, final zortzirenetakoa. Partidak 22:00etan hasiko dira. "Hamar urte azkoitiarrak tokatzeko zain eta, aurten tokatu behar, taldea ahulen dagoenean", dio Jesus Ruiz Argandoña Keuttin Ilunpeko kideak.

Ilunpe Pilota Elkarteak zapatuan, maiatzaren 26an, ekingo dio bere ibilbideari 2011ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan. Eta, hasteko, ezinbestean interesa pizten duen kanporaketa: Azpeitia Azkoitiaren kontra, final zortzirenetan. Joaneko partidak 22:00etan hasita jokatuko dira Frontoi Txikin.

Ataunen kontrako iazko kanporatze mingarriaren ondoren, eta bestelako arrazoiak medio, aurten ere aurrera egiteko esperantza handirik ez du agertu Ilunpeko kide Jesus Ruiz Argandoña Keuttin-ek. "Nagusien mailan ez dugu kexarik, baina gazteetan daukagu arazoa", dio. "Baditugu poliki datozen gaztetxoak, baina hemendik urte batzutarako", gaineratu du. Gabezia horri baja garrantzitsuren bat ere gehitu behar zaio, gainera. Eta penatan da Keuttin: "Hamar urte azkoitiarrak tokatzeko zain eta, aurten tokatu behar, taldea ahulen dagoenean. Eta ez beraiek ere (azkoitiarrek) egundoko taldea dutelako, baina, ez dut uste gaindituko ditugunik".

Ikusi egin beharko, dena den. Arrizabalaga eta Aizpuru kadete mailan, Eizmendi eta Illarramendi jubeniletan, eta Larrañaga eta Aizpuru seniorretan dira Azpeitiak zapatuan aurkeztuko dituen hiru bikoteak.