Azkue Literatur Saria jaso du Anne Lapeirak

Uztarria.eus 2012ko mai. 24a, 14:35
Goian, ezkerretik hirugarrena da Anne Lapeira. (Bizkaie.biz)

Azpeitiarrak narrazio alorreko lehenengo saria eskuratu du, 11 eta 14 urte bitarteko gazteen mailan. 

Resurreccion Maria Azkue Literatur Saria jaso du Urola Ikastolako ikasle Anne Lapeirak. Narrazio alorreko lehenengo saria eskuratu du, 11 eta 14 urte bitarteko gazteen mailan. 

Aurten, guztira, 157 lan aurkeztu dira sariketara. Horietatik 46 Bizkaitik bidali dituzte, 73 Gipuzkoatik, 2 Ipar Euskal Herritik eta 36 Nafarroatik. Yolanda Arrietak, Igone Etxebarriak, Antton Irustak, Joseba Butronek, Jabier Kaltzakortak eta Mayi Izak osatu dute epai-mahaia.

Resurreccion Maria Azkue Literatur Sariak asteartean, hilak 22, banatu zituzten Euskaltzaindiaren egoitza nagusian. Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak antolatzen dituzte sari horiek idazle gazteak literatura mundura gerturatu asmoz.