Ikasberri Kirol Elkarteko kadete neskak areto futboleko Gipuzkoako Txapeldun

Uztarria.eus 2012ko mai. 22a, 13:53
Ikasberriko areto futboleko neskak eta haien entrenatzailea. (Ikasberri Kirol Elkartea)

Bestalde, Iraurgi ikastetxeko eta Ikasberri Ikastolako talde banak Gipuzkoako Txapelketa irabaztea lortu dute asteburuan.

Ikasberri Kirol Elkarteko kadete nesken taldeak areto futboleko Eskolarteko Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen joan den zapatuan, hilak 19. Anoetako Ikastolaren kontra jokatu zuten finala, eta partida gogorraren ostean penaltietan erabaki zen norgehiagoka. Ikasberrikoek bost penalti sartu eta bat gelditu zuten, eta horrek eman zien garaipena. Ikasberriko kadete neskek txapelketa guztian ez dute partidarik galdu.

Iraurgi eta Ikasberri saskibaloiko txapeldun

Iraurgi ikastetxeko nesken talde bat eta Ikasberri Ikastolako mutilen talde bat dira aurtengo Eskolarteko Saskibaloiko Gipuzkoako txapeldunak. Duela hiru aste hasi zen txapelketa, eta Ikasberriko taldeak txapelketa irabazteko Donostiako San Patricio, Oñatiko eskola eta Donostiako Ekintza mendean hartu behar izan dituzte. Aldiz, Iraurgi ikastetxeko neskek Zumaiako herri eskolaren, Oñatiko Elkar Heziren eta Ordiziako Urdanetaren kontra neurtu behar izan dituzte indarrak txapelketan.

Asteburuan, Erregionalen txanda

Asteburu honetan Ikasberri Kirol Elkarteko Erregional Mailako taldeak igoera faseko partida jokatuko du Garmendipeko zelai artifizialean, 18:00etan hasita, Urnietaren kontra. Kanporaketa bi partidatara izango da, eta irabazlea mailaz igoko da zuzenean. Ikasberri Kirol Elkartekoek esan dutenez, "partida oso garrantzitsua izango da eta jendea partida ikustera joatera animatu nahi dugu. Hala, errazagoa egingo zaielako partida".