Elkartasun Eguna kantuz, dantzan eta aldarrikatuz

Uztarria.eus 2012ko mai. 16a, 19:17

Hamabigarrenez egingo da bihar, zapatua, Elkartasun Eguna Azpeitian. Egun osoko egitarau zabalarekin, euskal preso eta iheslarien eskubideen aldarrikapenak eta jai giroak bat egingo dute. Herrira bilguneak Euskal Herri osoan eta aldarrikapen berarekin plazak betetzeko egin duen deialdiarekin ere bat egingo du aurten Elkartasun Egunak. Azpeitiko Herrira bilguneko Garikoitz Armendarizek bietaz hitz egin du Uztarriarekin: Elkartasun Egunaz eta Herrira bilguneaz.

Gaur egun euskal presoek bizi dituzten "muturreko egoerak gainditzea" eta "eskubide guztiekin, euskal preso eta iheslariak Euskal Herrian" izatea da Azpeitian ere eratu berri den Herrira bilguneak aldarrikatzen duena. Eta aldarrikapen horiek plazaratuko dituzte bihar ere, maiatzak 19, herrian egingo den Elkartasun Egunean.

Herrira bilguneak Euskal Herri mailan plazak betetzeko egin duen deialdiarekin bat eginik dator aurten Azpeitiko Elkartasun Eguna.

Kasualitatea izan da. Berez, Herriraren deialdia apirilaren 21erako izatea zen asmoa, baina egun hartan manifa nazionala zegoen. Orduan aldatu zuten maiatzaren 19ra, guk Elkartasun Egunerako izendatuta genuen egunera. Guk dena zaku berean sartu dugu.

Azpeitiko Herrira bilgunea ere martxan da

2012ko urtarrilean presoen eskubideak aldarrikatzeko Bilbon egin zen manifestazio nazionala hainbat eragilek deitu zuten, sindikalak, politikoak eta herri mugimendukoak. Deialdia arrakastatsua izan zen eta, horren haritik, Egin Dezagun Bidea ekimena sortu zen, iazko apirilean. Ekimen horren baitan presoen eskubideen aldeko indar-metaketa bat eman zen eta, garai berriekin lotuta, gehitzen eta eragile ezberdinak batzen joan da, bai maila nazionalean eta bai herrietan. Hori guztia lehertu zen, nolabait esateko, Bilboko aurtengo manifestazioan. Euskal Herrian egoera berri bat zegoela ikusten zen, testuinguru politiko berria eta aukera berriak. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) urteetan presoen alde egindako lana indar-metaketa horretara batu den jendearekin konpartitu du eta hortik etorri da, azkenean, Herrira bilgunearen sorrera. Joan den otsailean sortu zen Herrira, Kursaalean, eta gero herrietara ere zabalduz joan da. Azpeitian martxoaren 31an egin genuen aurkezpen ekitaldia, Soreasun, eta han 150 lagun inguru elkartu ginen.

Jendearen erantzunarekin gustura?

Herrira ez da AAMren ondorengo bat. AAM orain ere hor dago, presoen senideak, lagunak, bisitak egitera joaten direnak… hor daudelako. Eta Herrira ez dator AAMren tokia hartzera. Herrira inongo erakunderekin loturarik edukiko ez duen herri mugimendu bat da. Ez da ezker abertzaleko talde bat, Herriran nahi duen jendea dago: lehendik presoen inguruan lanean zebilen jendea, errealitate hori zuzenean ezagutzen duen jendea, eta egoeraren baitan eta aukera berriak ikusten dituztelako, behingoz preso eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko asmoarekin batu den jende berria ere bai. Denentzako dago irekita eta parte hartzen duenak ez du talde edo alderdirik ordezkatzen, norbanakoen bilgune bat da. Herri mugimendu bat da, jende anitzak osatutakoa, parte-hartzailea eta irekia, denentzako ateak irekita dituena. Batzar bidez funtzionatzen dugu; jendeari aukera eman behar zaio, lanerako zein iritziak emateko. Lehenengo batzarra apirilaren 28an egin genuen; herri-bilguneak izango duen funtzionamenduaz hitz egin genuen, alde batetik, eta Elkartasun Egunerako deia egin genuen, bestetik.

Azken hilabeteetan biderkatu egin dira presoen eskubideen aldeko aldarri eta eskaerak, baina Espainiako Gobernuak ez dirudi pausoak emateko oso prest. Nola ikusten duzue kontua?

Baldintza errealak daude, berez. Legea aplikatzen badute, gainera, gaixo larriak edo hiru laurdenak beteta dituztenak kaleratzeko, edo presoak Euskal Herrira ekartzeko, eskubide guztiekin. Baina, zer ikusten da? Parot doktrina nola berresten duten, adibidez. Bestaldetik, urtarrileko Bilboko manifestazioarekin, eta orain 19an ere espero dugu zerbait txukuna ateratzea, Gobernua aurkitzen da mugimenduren bat egin beharrean; lehengoan atera zuen bergizarteratze plan hori... Bakoitzak bere irakurketa egin dezake; hortik ere zerbait positiboa ateratzea badago. Guk ikusten duguna da gure ahaleginarekin eta herritarren mobilizazioarekin lortuko dugula helburua. Guk, Herriran, presoen kolektiboarentzako irtenbide integral baten alde egiten dugu.

Parot doktrinak azpeitiar preso bati zuzenean eragiten dio, Juan Karlos Arruti Paterra-ri.

Paterrarena guk aipatzen ditugun muturreko egoeretan ematen den baldintzetako bat. Parot doktrinak erabat ukitzen du eta ez dakigu zer gertatuko den harekin. Bere kasua, beste batzuenakin batera, uste dut orain ari direla errebisatzen edo errebisatzekoak direla, baina aurrekoekin gertatu dena ikusita, esperantza gutxirekin ikusten da, behintzat.

Elkartasun Egunera etorrita, festa egun handia bihurtu da urteen poderioz. Festak aldarrikapena jateak ez al zaituzte beldurtzen?

Nik uste dut urtean zehar ekimen desberdinak egiten direla: kontzentrazioak, hileko azken ostiraletako ekimenak... eta Elkartasun Eguna ere hor kokatu behar da. Egun osoko egitarau potente bat egiten dugu, jendeari modu ezberdinetan parte hartzeko aukera eskainiz; bakoitzari bere modura zerbait aportatzeko aukera ematen zaio: korrika egitea nahi duelako, bazkaltzera azaltzea nahi duelako, kontzertua entzutea nahi duelako... Betiko eskemetatik atera eta festan murgilduta parte hartzeko aukera bat eskaintzen da, baina egunaren arrazoia eta mezua gogora ekartzeko uneak ere ez dira falta, jendeak ez ahazteko eta barneratzeko, Elkartasun Eguna zergatik eta zertarako egiten den.

Aurten Elkartasun Egunaren inguruko giroa ohi baino lehenago berotzen ere hasi da, ezta, kantu lehiaketarekin , flash mob-arekin eta?

Kantu lehiaketa eta flash mob-a zaku berean sartuko genituzke.  Hainbat hilabetetako lanaren ondorio izan dira eta azken ostiraletako ekimenen barruan sartzen da lan hori; hau da, eragile desberdinen parte-hartzea eta inplikazioa bilatzearen filosofiaren barruan eta, kasu honetan, herriko musika taldeena. Orain dela hilabete batzuk beraien artean elkartzen hasi ziren, planteamenduak egiten, eta Elkartasun Egunean irudikatuko zen kantu lehiaketarena egitea pentsatu zuten. Eta, lehiaketaren ondoren Elkartasun Eguneko kantu bezala aukeratu den horrekin aurtengo beste nobedadea egitea planteatu zen, flash mob-a.

Egunean bertan zer-nolako erantzuna espero duzue, flash mob-ean?

Jendearen artean ari da zabaltzen, ahoz aho, eta Interneten koreografiarekin jarri dugun bideoa asko ikusten ari direla ere badakit. Nik espero dut jendeak erantzutea, berrikuntza ere bada... Gero agian jendea lotsatuta ere ibiliko da, baina nik uste dut jendea azaldu, azalduko dela.

Kantu lehiaketarena datozen urteetan errepikatzeko asmorik ba al duzue, edo aurtengorako bakarrik izan da?

Ez dakit planteamendu berdinekin jarraituko dugun. Baina, egoera dagoenean dagoen bitartean, planteamendu ezberdinak egiten joan beharko gara, behintzat. Musika taldeen kasuan, aurtengorako balio izan du formato horrek, baina agian datorrenerako besteren bat bilatu beharko da... ez dakit. Badakit beraiek jarraitzen dutela biltzen eta badago halako harreman iraunkor bat, hilabeteetakoa, eta uste dut hori mantenduko dela.

Nola iristen zaie edo nola bizi dute Elkartasun Eguneko elkartasuna azpeitiar presoek?

Nik ez dakit sentitzen al duten, beraien tokian ez nagoelako eta ez dakidalako halako egoera bat bizitzea zer den. Baina uste dut egun horretan presoak, maila batean behintzat, burua Azpeitian izango dutela.

Elkartasun Egunaren egitaraua

  • 11:00.Ttuntturroekin Elkartasun Egunari hasiera emango diote.
  • 12:00. Elkartasun krosa, herriko plazatik irtenda. 5 kilometroko ibilbidea du. Dortsalak Azpeitiko igerilekuan, Aitzaki eta Aradi kirol-dendetan eta Orkatzen daude salgai. Zestoan, berriz, Koiote tabernan. Aurrez izena ematea 10euro da. Egunean bertan ere krosean izena emateko aukera egongo da, 12 eurotan.
  • 13:00. Herri kirolak, herriko plazan.
  • 14:30. Bazkaria, azoka plazan.
  • 15:00. Haurrentzako gunea zabalduko da, Olazko Andre Mariaren plazan.
  • 18:00. Flash mob-a,herriko plazan.
  • 18:30. Manifestazioa, herriko plazatik abiatuta. Ondoren, Skandalue elektrotxaranga.
  • 22:30. Kontzertua, herriko plazan. Ze Esatek eta Kasik musika taldeak.

Egun osoan zehar txosna, erakusketa... herriko plazan.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak

- Juan Karlos Arruti (Paterra). Cordobako (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 780 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.

- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.

- Jabi Agirre. Sevilla II (Espainia) preso, 957 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduan Espainiaratu egin zuten.

- Joseba Segurola. Nanterren (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.

- Josu Urbieta (Pow). La Santen (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2010eko ekainean atxilotu zuten.

Deportatuak

- Iñaki Etxarte. Kuban deportatuta.

- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria

- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)