Sanagustin kulturgunea eta baserritarrak, elkarlanean

Uztarria.eus 2012ko mai. 15a, 20:30
Baserritarrak, kulturgunekoak eta zozkatu duten lehen otarrea, gaurko aurkezpenean. (SANAGUSTIN KULTURGUNEA)

San Isidro egunez aurkeztu dute dagoeneko martxan duten hornitze-sistema. Garaian garaiko produktuak indartzen hasi da dagoeneko kulturgunea bere ostalaritza zerbitzuan, bertako ekoizleei erosiak. Urtean zehar bertako baserritarrek emandakoekin hiru otarre ere zozkatuko ditu Sanagustinek bazkideen artean; aurrenekoa gaur bertan eman dute. Elkarlanean aurrera egin eta garatu asmo dituzten ekimenen berri eman dute bi aldeetako ordezkariek.

Baserritarren zaindariaren eguna aukeratu dute Sanagustin kulturguneak eta bailarako baserritarrek hasi berri duten elkarlanaren berri emateko. Dagoeneko abian den elkarlan horri esker, kulturguneak garaian garaiko eta bertako baserritarren produktuak erabili eta sustatuko ditu aurrerantzean bere ostalaritza zerbitzuan. "Eragileekin harremana eta elkarlana da gure kulturgunearen baloreetako bat. Bide honetan ez dago aurrera egiterik bakarrik eta norberaren zilborrari soilik begiratuta. Bidea aberatsagoa da inguruan ditugunekin partekatuta, hitz eginda, adostuta... bi hitzetan, elkarlana eginda. Eta bide horretan hasiera-hasieratik kontuan hartu nahi izan ditugu bertako baserritar eta nekazariak", azaldu dute Sanagustingo kideek. Baserritarren ordezkariak, berriz, pozik agertu dira, "Sanagustin kulturguneak baserritarren aldeko apustua egin" duelako.

EHNE sindikatuaren laguntzarekin gauzatu dute elkarlana bi aldeek, baita hornitze-sistema ezarri ere: "Ostiral arratsaldeetako azoka probestuz, hurrengo asterako zein produktu egongo diren adierazten diegu -azaldu dute baserritarrek-. Astelehenerako Sanagustin kulturguneko arduradunek eskaera-orria betetzen dute, zein produktu eskatzen dituzten, aurretik adostutako prezioan eta barazki horien ekoizlea zein den zehaztuz. Adostutako prezioa baserritarron egonkortasunari begira hartutako erabakia da, merkatuko gorabeherek ez digutelako egonkortasunik ziurtatzen, ezta babesten ere".

Duela hilabete hasi zen kulturgunea bertako ekoizleei barazkiak, arrautzak, esnea, mermeladak, gazta, fruta eta ogiak erosten; "laster haragi eta txarkutegi produktuekin ere hasiko gara", esan dute.

Zozketak eta gehiago

Hain zuzen ere, produktuen eskaintza zabaltzea izango dute, abian jarritako elkarlanaren baitan, etorkizuneko erronketako bat. "Bestelako ekimen batzuk" ere antolatu nahi dituzte, ordea, "esate baterako, ardo dastaketak eta hitzaldiak".

Dagoeneko abian duten beste ekimena baserritarren produktuekin osatutako otarreen zozketarena da. Urtean zehar hiru otarre zozkatuko ditu Sanagustinek bazkideen artean; aurrenekoa Maider Zendoiari egokitu zaio eta gaur bertan eman dute.