Areto futboleko neskak, finaletara

Uztarria.eus 2012ko mai. 14a, 18:50

Azpeitiko Areto Futboleko seniorrek Gipuzkoako Ligaren Udaberriko Txapelketarena jokatuko dute maiatzaren 26an; Neguko Txapelketa irabazia dute jada. Kadete mailan, berriz, Ikasberri Kirol Elkarteko taldeak hilaren 19an jokatuko du finala Donostian.

Herriko areto futboleko emakumezkoen bi talde euren txapelketetako finalak jokatzeko sailkatu dira, joan den aste bukaeran.

Senior mailan, Azpeitiko Areto Futboleko taldeak Gipuzkoako Ligaren Udaberriko Txapelketaren finala jokatuko du; maiatzaren 26an izango da, 19:00etan, Errenterian, eta Berastegiko taldea izango dute aurkari azpeitiarrek. Finala jokatu ahal izateko, Azpeitiko taldeak Tolosako Laskorain gainditu behar izan du finalaurrekoetan. Joaneko neurketan, Tolosan, berdindu ostean (8-8), joan den zapatuan nagusitasunez erabaki zuten kanporaketa etxean, 9 eta 2ko emaitzarekin.

Gipuzkoako Liga bi lehiaketak osatzen dute; orain erabakitzear den Udaberriko Txapelketaren aurretik, Neguko Txapelketa jokatu zuten eta, han, Azpeitiko Areto Futbolekoak izan ziren irabazleak. Liga nork irabaziko duen erabakitzeko, Neguko eta Udaberriko txapelketen irabazleek neurtu beharko dituzte indarrak. Txapela emateko final beharrik ez da izango, ordea, maiatzaren 26an Azpeitiko neskek Udaberrikoa ere irabazten badute. Galduz gero, berriz, Neguko txapeldun gisa izango lukete tokia final handian, eta Udaberriko finalaren aurkari bera aurrean, Berastegi.

Kadete mailan ere bai

Finalerako txartela eskuratu duen bestea Ikasberri Kirol Elkarteko kadete mailako nesken taldea da. Aurreko zapatuan jokatu zuten finalaurrekoa eta, bertan, Zaldibiko taldea 3 eta 2 garaitu zuten.

Finala Donostiako Gaska kiroldegian izango dute azpeitiarrek zapatuan, hilaren 19an, 11:30ean hasita. Anoetako Ikastolako taldearen kontra jokatuko dute.