Urolako Trenaren inguruko erakusketa zabaldu dute Trenaren Museoan

Uztarria.eus 2012ko mai. 14a, 12:27
Tren baten barruan ikus-entzunezko bat ikusteko parada dute bertaratzen direnek.

Erakusketa bi zatitan dago banatuta; kanpoan jarri dituzten panel batzuetan 30 argazki daude ikusgai, eta tren bateko bagoian ikus-entzunezko lan bat ikusi daiteke.

Trenaren Euskal Museoa Fundazioak Urolako Trena: azken bidaia erakusketa jarri du abian. Inaugurazio ekitaldian izan ziren, besteak beste, Ernesto Gasco Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburuordea, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Maitane Ostolaza Trenaren Euskal Museoa Fundazioko lehendakaria.

Gascok esan zuenez, "erakusketa hau bezalako ekimenek mesede egiten diote Urola eskualdeko garapen ekonomikoari eta sozialari. Eneko Etxeberriak adierazi zuen, "Azpeitiko Udalak fundazioarekin elkarlanean aritu nahi du, hala biek aurrera egiteko eta herriarentzat estrategikoa den proiektua garatu ahal izateko".

Erakusketa bi zatitan dago banatuta. Museoaren kanpoaldean panel handi batzuk jarri dituzte eta 30 argazki daude ikusgai. Argazki horiek Azpeitiko Argazki Elkarteak utzi dizkio fundazioari erakusketa egiteko. Inoiz ikusi gabeko argazkiak dira eta 1988an ateratakoak. 

Bestalde, museoko tren baten barruan ikus-entzunezko lan bat ikusi ahal daiteke. Bideo horretan trenarekin lotura izan zuten zenbait eskualdeko herritarri egindako elkarrizketak ikusi daitezke. Maitane Ostolaza fundazioko lehendakariak jakinarazi duenez, "gure helburua da trenaren museoa Azpeitia eta inguruetara gerturatzea. Eskualdera zabaldu nahi dugu museoa".

Irailaren 30era bitartean egongo da zabalik erakusketa. Maiatzean, ekainean eta irailean asteartetik ostiralera, 10:00etatik 13:30era eta 15:00etik 18:30era egongo da zabalik. Zapatuan, berriz, 10.30etik 14:00etara, eta 16:00etatik 19:30era. Igande eta jaiegunetan 10:30ean ireki eta 14:00etan itxiko da. Uztailean eta abuztuan beste ordutegi bat izango du erakusketak. Asteartetik zapatura 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era irekiko dute. Aldiz, igande eta jaiegunetan 10:30ean zabaldu eta 14:00etan itxiko dute.