Aranbururen omenaldiko xehetasun batzuk

Uztarria.eus 2012ko mai. 12a, 12:20
Mikel Aranburu atzoko entrenamenduan, taldekideak atzean dituela.

Gaur utziko dio Mikel Aranburuk futbolari izateari, eta omenaldia jasoko du. Reala-Valentzia partidaren aurretik eta ondoren izango dira ekitaldiak. Besteak beste, Azpeitiko Udalak hartuko du parte.

Oso gutxi geratzen da Mikel Aranbururentzat hainbeste espero den omenaldirako. Ikusmina handia da. Aranburuk gaur utziko dio futbolari izateari, "eta klubak hainbat ekitaldi xume antolatu ditu, erdilaria ezaugarritu duen diskrezioarekin eta apaltasunarekin bat eginda", dio Realak. 

Partida aurretik

Dena Reala-Valentzia Espainiako Lehen Mailako azken partidaren (20:00) aurrekoetan hasiko da, 20 bat minutu inguru lehenago. Hori dela eta, zaleei eta komunikabideei estadiora behar besteko denborarekin joatea gomendatu die Realak. Aurreikusita dago omenaldia bi taldeak zelairatuz hastea, eskutik helduta Realeko eta Lagun Onak taldeko infantilak dituztela, hurrenez hurren. "Gaztetxoen presentziak 13 urterekin Mikel Aranburuk Azpeitia jaioterritik Zubietako faktoriara egin zuen jauzia irudikatuko du. Mito gipuzkoar eta txuri-urdin baten jaiotza".

Ondoren egunaren protagonista handia agertuko da, Aranburu, eta Jokin Aperribai Realeko presidenteak urre eta diamantezko domina jarriko dio. 

Partida

Philippe Montanier Realeko entrenatzaileak baieztatu du Aranburuk titular jokatuko duela. 427. aldiz ariko da Realarekin, azkeneko aldiz.

Partidarako klubak jokalariaren familia osoa gonbidatu du, baita beste lagun eta kide ohi ugari ere.

Partida ondoren

Partidaren ondoren aurreikusita dago Aranbururen taldekideek zelaian bertan agur egitea.

Gero Realak eta Azpeitiko Udalak omenaldi pribatu bat egingo diote palkoetan.

ETBk saio bereziak prestatu ditu

ETBk Mikel Aranbururi eskainiko saio bereziak prestatu ditu aste bukaera honetarako. ETBK Sat-ek asteburuan 2002-2003ko Reala-Atletico Madril eta 2003-2004ko Reala-Real Madril partidak emango ditu. Igandean, 14:00ak aldera, Aranbururi buruzko erreportaje bat eskainiko du; jokalariaren futbol ibilbidea errepasatuko dute eta gaurko agurreko irudiak bilduko dituzte.