'Bateragune auzi'-ko epaia salatzeko ostiralean egingo den kontzentrazioan parte hartzera deitu du Udalak

Uztarria.eus 2012ko mai. 10a, 20:05

Gernikako Akordioak deitu du elkarretaratzea eta plazan egingo da, 19:00etan. Udalak epaia salatzeko eta herritarrak mobilizaziora deitzeko bandoa atera du. "Azpeitiko Udaleko Bilduko eta Hamaikabateko zinegotzien iritziz, epaia bidegabea eta onartezina da" irakur daiteke bertan, besteak beste.

Bateragune auzia-ren epaia salatzeko eta Gernikako Akordioak deituta elkarretaratzea egingo da bihar, ostirala, Azpeitian; plazan izango da hitzordua, 19:00etan. Hain zuzen ere, Azpeitiko Udalak epaia salatzeko eta herritarrak mobilizazio horretara deitzeko bandoa atera du. "Azpeitiko Udaleko Bilduko eta Hamaikabateko zinegotzien iritziz, epaia bidegabea eta onartezina da" irakur daiteke bertan, besteak beste.

Hona hemen Udalak plazaratu duen bandoa, osorik:

"1. Atzo Bateragune auzian Auzitegi Gorenaren epaiaren berri izan dugu. Epaiak Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez, Ezker Abertzaleko kideen kartzela kondena berresten du.

2. Azpeitiko Udaleko Bilduko eta Hamaikabateko zinegotzien iritziz, epaia bidegabea eta onartezina da.

3. Edozein proiektu politiko zigortzea oinarrizko eskubide eta askatasun ideologikoren aurkako erabakia da.

4. Azpeitiko Bilduk eta Hamaikabatek Bateragune auzian zigortuak berehala aske uztea eskatzen dugu.

5. Eta herritarrei ostiralean, maiatzak 11, arratsaldeko 19:00etan epaia salatzeko egingo den kontzentrazioan parte hartzeko deia luzatzen diegu."