Partaidetza araudiak hasierako onespena jaso du

Urola Kostako Hitza 2012ko mai. 10a, 12:47

Orain araudiaren gainean ekarpenak edo proposamenak egiteko aukera egongo da. Bestalde, herriko kaleetan eta plazetan mahaiak eta aulkiak jarri eta erabiltzea arautuko duen udal ordenantzari ere hasierako onespena eman dio Udalak. Baita herri barruko bide publikoen erabilera, trafiko, zirkulazio eta segurtasuna arautuko dituen udal agintaraua aldatzea ere.

Udaleko Bilduko ordezkariek proposatutako herritarren parte hartzeko araudiari hasierako
onespena eman zioten herenegungo udalbatzarrean. Erabakia Bilduko ordezkarien aldeko botoekin eta EAJkoen eta Hamaikabatekoaren abstentzioarekin hartu zuten.

Parte hartzeko araudia jendaurrean erakusgai jarriko dute orain, eta haren gaineko ekarpenak eta proposamenak egiteko aukera izango dute herritarrek. Azpeitiko Udalaren webgunean
irakurgai dago araudia.

Parte hartzeko araudiak, besteak beste, herritarren parte hartzeko hainbat tresna jasotzen
ditu, Eneko Etxeberria alkateak (Bildu) azaldutakoaren arabera: "Herritarrei koltsultak egiteko
bideak, figura berriak...". Partaidetza araudiak herritarrek udalaren berri jakiteko bidea izan behar duela gaineratu zuen alkateak, "herritarrek jakin dezaten Udala zer egiten ari den. Azken batean, araudi horrek herritarrek udala gertu izatea du helburu".

Herritarrek parte hartzeko aukera izatearekin EAJ ados dagoela azaldu zuen Jesus Larrañaga
zinegotziak, baina araudiaren proposamenaren gainean zalantzak dituztela azaldu zuen: "Proposamenean hainbat kontu gehiago aztertu eta zehaztu behar direla uste dugu". 

Hamaikabateko Aitor Aranguren zinegotzia ere bat etorri zen Larrañagarekin: "Araudi hau
egin beharrekoa dela iruditzen zait, baina zenbait kontu nahasiak daude". Araudiaren inguruan "hausnarketa lasaia" egin beharra dagoela esan zuen Arangurenek, araudia bereziki batzorde batean lantzea eskatuz.

Orain udalak onartutako araudia hasierako proposamena edo zirriborroa dela, eta hemendik
aurrera horren gainean ekarpenak egiteko aukera dagoela erantzunzienalkateak EAJko eta Hamaikabateko ordezkariei. Oraingoz, araudiari hasierako onespena emango zaiola argitu zuen
alkateak.

Kaleko mahaien araudia

Herriko kaleetan eta plazetan mahaiak eta aulkiak jarri eta erabiltzea arautuko duen udal ordenantzari ere hasierako onespena eman dio Udalak. Kasu honetan, aho batez hartu zuten erabakia udalbatzarrean. 

Araudi hau, besteak beste, herriko kaleetan eta plazetan merkatariek eta tabernariek jartzen dituzten aulkien, mahaien eta toldoen ingurukoa da. 

Ordenantza hori orain jendaurrean jarriko dute, eta ekarpenak edo alegazioak egiteko aukera egongo da, udalak behin betiko onespena eman aurretik.

Agintarau baten aldaketa

Herri barruko bide publikoen erabilera, trafiko, zirkulazio eta segurtasuna arautuko dituen udal
agintaraua aldatzea ere erabaki zuen udalak. Aldaketa Bilduk, EAJk eta Hamaikabatek aho batez onartu zuten. 

Hemendik aurrera, 72 orduz toki berean auto bat aparkatuta badago Salgai, Se vende edo antzeko kartela jarrita, isuna jarriko diote. Aritz Epelde Zerbitzu Orokorretako zinegotziak (Bildu) azaldu duenez, udaletxean kexa asko jaso dituzten ez araudia aldatzea erabaki dute. Kontu honen gainean, batik bat Landetako auzotarren kexak jaso dituzte udaletxean.