Ohiko udalbatzarra egingo dute gaur

Uztarria.eus 2012ko mai. 8a, 13:24

19:30ean hasiko da bilkura udaletxeko areto nagusian. Besteak beste, hondakinen kudeaketaz, herritarren partaidetza araudiaz eta herri barruko bide publikoen erabileraz jardungo dute.

Azpeitiko Udalak gaur, asteartea, Udalbatza Osoaren ohiko bilkura egingo du, 19:30ean hasita, udaletxeko areto nagusian.

Ezer baino lehen apirilaren 3an egindako bilkuraren akta onartu ala ez eztabaidatuko dute udal ordezkariek. Plenoan landuko dituzten gaiak honakoak dira: herritarren partaidetzarako araudiari hasierako onespena; kaleetan eta plazetan mahaitxoak eta eserlekuak jarri eta erabiltzea arautuko duen udal araudiari hasierako onespena; herri barruko bide publikoaren erabilera, trafiko, zirkulazio eta segurtasuna arautuko dituen udal agintarauaren aldaketa; hondakinen gaia; Loiola Berrikuntza fundazioaren aldeko proposamena; udal euskaltegiaren diru murrizketaren inguruan udalaren adierazpena; Urolaren Napar Zuzterrak taldeak aurkeztutako adierazpena; alkatetzak iazko azarotik aurtengo urtarrila artean onartutako ebazpenak; eta bukatzeko, galderak eta erreguak.