Ott eta Atoyebi Zilarrezko Adecco Ligako kanpotar jokalari onenak izendatu dituzte

Uztarria.eus 2012ko mai. 8a, 12:32

Bestalde, Clavijo saskibaloi taldea Alfredo Ottekin interesatuta dagoela jakinarazi dute zenbait egunkarik. Taldea Otten erabakiaren zain dagoela esan dute.

Alfredo Ott eta Ola Atoyebi izendatu dituzte Zilarrezko Adecco Ligako kanpotar bikote onena. Iraurgikoek esan dutenez, "Lan Mobel Iraurgiren jokoan izan duten garrantzia nabarmen gelditu da behin eta berriz, baina denboraldian erakutsi duten bataz bestekoek argi eta garbi uzten dute goi mailako jokalariak direla biak".

Alfredo Ott izan da ligako saskiratzaile onena 24 partidatan 422 puntu sartuta (17,58 bataz beste). Hori gutxi balitz, baloi gehien berreskuratu dituena ere bada; partidako hiru. Gainera, partida batean baloi berreskuratuen errekorra lortu zuen, zortzi bereganatuta. Partidako minutu gehien jokatu dituen jokalaria da kantxan, 33 minutu baino gehiago jokatuta, eta balorazioaren rankingean zazpigarren postuan amaitu du 16,5 puntuko bataz bestekoarekin.

Ola Atoyebiri dagokionez, saskiratzaile onenaren zerrendan Otten atzetik izan da, partiduko 16,67 puntu sartuta. Ligan, erasoko errebote gehien eskuratu dituen jokalaria izan da Atoyebi: 78 guztira. Erreboteetan, aldiz, bigarren sailkatu da Aurtenecheko Alex Thompsonen atzetik. Zenbaki horiek eraman dute balorazio alorrean bigarren postuan sailkatzera, Joventuteko Marko Todorovic harribitxiaren atzetik, bataz beste 18,71ko balorazioarekin.

Clavijo Ott-ekin interesatuta

Clavijo saskibaloi taldea Alfredo Ottekin interesatuta dagoela zabaldu dute zenbait egunkarik. Taldea Otten erabakiaren zain dagoela esan dute.

Clavijo Urrezko Adecco Ligan dago, eta Ott Clavijorekin aritu zen 2009/2010 eta 2010/2011 denboraldietan.