Elurretako zakurrak heziz

Urola Kostako Hitza 2012ko mai. 3a, 18:38

Zaletasuna ogibide bilakatu du Andoni Azpillaga azpeitiarrak; musher-a da, zakurrek tiratako leren gidaria. Herrialde Katalanetako Salardu herrian bizi da, zakurrak prestatu eta probatan lehiatuz.

Batek baino gehiagok amestu izan du hainbeste atsegin duen zaletasuna ogibide bihurtzearekin. Zenbaitetan ametsak amets izaten badira ere, bada jendea helburua markatu, eta esfortzu handiarekin ametsa errealitate bihurtu duena. Andoni Azpillaga azpeitiarra da horietako bat. Urte askoan afizioz elurretako txakurrak hezten eta prestatzen aritu ondoren, jaioterria utzi eta Aran Ibarreko Salardu herrira (Herrialde Katalanak) joan baitzen bizitzera orain dela bost urte, eta bertan afizioa ogibide bihurtzeko aukera izan du.

Azken urte hauetan, profesional moduan hainbat probatan lehiatzen denetik garaipen eta sari ugari lortu du azpeitiarrak. Pasa den martxoan, esaterako, Espainiako Txapelketan mugagabeko zakur leren proba irabazi zuen Azpillagak, Herrialde Katalanetako federazioarekin. Horretaz gain, martxoaren 6an zortzi zakurrez tiratako leran Nafarroako Txapelketan lehen postua lortu zuen. Inola ere, abiatu zuen ibilbideak ekarpen pertsonal eta profesional ugari egin dizkio azpeitiarrari.

Kirol ezezaguna

Urola Kostan elurretako zakurrez tiratako trineo lasterketak ezezagunak badira ere, Pirinioetan azken hamarkadetan asko hedatzen ari den kirola da. Mushing kirolaren hastapenen bila, denboran atzera egin behar da. Jatorria urruna bezain zaharra da. XIX. mendearen bukaeran, Kanadara eta Alaskara joandako kolono frantziarrek garraio gisa erabiltzen zituzten zakur lerak, elurra eta izotza nagusi ziren lurzoruetan ibiltzeko modurik egokiena zutelako. Alaskan urrea topatu zutenetik, zakurren erabilera ugaritu egin zen, pertsonak eta askotariko merkantziak batetik bestera garraiatzeko erabiltzen baitzituzten zakurren tiratutako lerak. Alabaina, hasierako erabilera horretatik mushing kirola sortu zen; Euskal Herrian arraunarekin gertatu den moduan, garraiobide tradizionala kirol bihurtu zen garraiobide motordunak hedatzen joan ziren heinean.

Kasualitatea

Mushing kirola eskualdean ezezaguna da herritarren artean. Andoni Azpillaga azpeitiarrak azaldu duenez, "kasualitatez" murgildu zen mundu horretan. Lagun batek huski arrazako zakur bat oparitu zionean sortu zitzaion halako animaliekiko interesa. "Nik Azpeitian lantegi batean egin nuen lan 20 urtez. Orain dela urte asko elurretako txakur bat oparitu zidaten. Orduan sortu zitzaidan animaliaren eta inguruko guztiaren gaineko interesa, eta modu horretan ezagutu nuen kirola. Telebistan ikusi nuena eta elurretako kirolen inguruko aldizkarietan irakurri nuena, hori izan zen inspirazio iturria. Pixkana mundu horretan murgiltzen hasi nintzen. Nik neuk arnes bat egin nuen zakurra bizikletara lotzeko, eta horrela hasi nintzen entrenatzen".

Azpillagak urte asko pasatu zituen amateur moduan. "Hasiera batean Nuarbe inguruan prestatzen nituen zakurrak. Ondoren, zaletasuna baino gehiago bilakatu zenean, ezinbestekoa nuen zakurrentzako toki aproposa lortzea. Azkoitian jarri nuen zakur tokia, eta inguru horretan entrenatzen nituen".

Euskal Herriko klimak ez du elurretan nahi beste ibiltzeko aukerarik ematen, eta, horregatik, musher-ek (zakur-lera gidariek) bidaia ugari egin behar izaten dituzte urte osoan zakurrak sasoian izateko. "Azpeitian bizi nintzenean, asteburuetan ahal nuen guztietan etortzen nintzen Baqueira Beretera entrenatzera. Esan daiteke, lehen zakurrak entrenatu eta prestatzeko egiten nuela lan. Kontuan hartu behar da zakurrei jaten ematea, zaintzea, eta ahal nuen asteburu guztietan hona etortzea diru asko kostatzen zela. Gastu horiei guztiei aurre egitea... Zaletasun garestia zen".

Zaletasuna lanbide

Pixkanaka-pixkanaka zakurrez tiratako leren lasterketetan tartea egin zuen azpeitiarrak, eta duela bost urte babesle batek profesional egiteko aukera eskaini zion. "Zorte handia izan nuen babesle on bat aurkitu, eta nire afizioa lanbide bihurtzeko aukera eman zidalako. Orduan, Azpeitiko bizimodua alde batera utzi, eta Aran ibarreko Salardu herrira etorri nintzen bizitzera", azaldu du azpeitiarrak. "Ni gaur egun Salardun bizi naiz, eta zakurtegia Montgarri izeneko herri txikian dut, bizi naizen herritik bost kilometrotara. Bi herrion artean sortu dut bizimodua hemen".

Egun zakurrak prestatzen eta negu partean txapelketetan parte hartzen lan egiten du Azpillagak. "Inguru honetan negu partean elurra izaten badugu ere, udaberrian elurra urtu egiten da; horregatik, urte sasoira egokitzen dut prestaketa. Neguan lerarekin entrenatzen dugu elurretan. Txapelketa egutegian oinarrituta plangintza bat egiten dut; hau da, egunero ez dugu distantzia bera egiten. Elurra urtzen denean, berriz, lau gurpileko mendiko motorra itopuntuko posizioan jarri, eta arnesen bidez horri lotzen dizkiot zakurrak, eta modu horretan entrenatzen dugu".

Txapelketak

Txapelketei dagokionean, zakurrez tiratako hainbat modalitatetako trineo lasterketetan parte hartzen du azpeitiarrak, hau zakur kopuruaren arabera zehazten baita. Txapelketa denboraldia azaro inguruan hasten da, eta martxoan bukatu. "Nik Pirinioetako eta Alpeetako txapelketetan parte hartzen dut. Badira musher-ak Europa iparraldeko herrialdeetako lehietan ere parte hartzen dutenak, baina nik oraindik ez dut egin".

Azpillaga musher eskarmentuduna da. Hala diote beste kirolariek. "Ni kirol hontan hasi nintzen garaiko musher gutxi geratzen gara egun. Azken urteetan gazte ugari murgildu da giro horretan, eta egun Espainiako probetan gazteak dira denak". Urola Kostan mushing-a kirol ezezaguna izanagatik, gehiago dira praktikatzen duten euskaldunak.

"Zakurrak egunero-egunero zaindu behar dira; jaten eman eta garbitu"

Elurretako zakur-lera gidaria edo musher-a da Andoni Azpillaga (1967, Azpeitia). Aran ibarrean (Herrialde Katalanak) abiatu zuen bizitza berria duela bost urte, Piriniotako haize gozoaren eta elurretako txakurren konpainian. Bertako bizimoduaren inguruan hitz egin du azpeitiarrak Urola Kostako Hitza-rekin.

Salardun bizi al zara urte osoan?

Bai. Mushing kirola nire ogibidea da, eta duela bost urtetik Aran ibarrean bizi naiz. Neguan jokatzen ditugun txapelketetan ikusten dira zakurrak gehienbat, baina animalia biziak dira eta urte guztian zehar oso ondo zaindu behar dira, neguan sasoian eta indartsu egon daitezen.

Elurretako zakurrak heztea eta prestatzea lotua al da?

Ogibide honek ez du oporrik. Neguan nahiz udan, zakurrak egunero-egunero zaindu behar dira, jaten eman eta garbitu. Horrek esan nahi du ezin dela egun batean ere kale egin; Azpeitira etxera bisitan joaten naizenean, esaterako, egun gutxi batzuk igarotzen ditut han. Hemen baditut lagunak egun batzuetan zakurrak zaintzeko prest, baina nahiago izaten dut ni neu arduratu, eta, horregatik, joan-etorria egiten dut Azpeitira. Asteburu honetan, esaterako, bertan izango naiz.

Atsegin al duzu Herrialde Katalanetan bizitzea?

Oso gustura nago hemen. Bizitza oso lasaia dut; zakurrak zaindu, prestatu eta naturaz gozatzen dut etengabe. Ni hona iritsi arte ez nintzen mendizalegia. Izarraiztik barrena bueltatxoren bat ematen nuen aldian behin, baina hemen naturarekin kontaktua askoz estuagoa da. Ahal dudan guztietan oinez joaten naiz bizi naizen Salardu herritik, zakur-tokia dudan Montgarri herrira. Horretaz gain, Aran ibarra herri gune handietatik nahiko urrun dago. Vielha da eskualdeko herri jendetsuena, eta ez da sei mila biztanlera iristen. Gertuen dagoen hiriburua, berriz, Lleida da, eta hemendik bi ordura dago. Azpetian nuen bizimodua eta hemengoa erabat ezberdinak dira.

Lasaia den arren, neguko kirolek garrantzia handia dute inguru horretan.

Bai, hemen bi urte sasoi oso argi bereiz daitezke. Neguan jende asko etortzen da Aran ibarrera eskiatzera, snow board egitera, raketekin elurretan ibiltzera, eta neguko beste hainbat kirol praktikatzera. Mugimendu handia izaten da, eta herri txikiak bizi-bizirik izaten dira; ostatuak, hotelak, jatetxeak bete-beteak egoten dira. Uda, berriz, oso lasaia da; atseden hartzeko une eta toki paregabea, dudarik gabe.

Eta jendeari dagokionean, zer moduz hartu zaituzte?

Urte asko igaro nituen astebururo zakurrekin entrenatzeko hona etortzen, eta koadrila egin nuen hemen. Hori dela eta, niretzat ez zen zaila izan araneko girora moldatzea. Jendeari dagokionean, berriz, denetik aurki daiteke; jende ona eta okerxeagoa, Euskal Herrian bezalaxe. Eskuzabalik hartu naute, eta oso gustura eta eroso sentitzen naiz lur honetan.

Azpeitiaren eta Aran ibarraren arteko aldea handia al da?

Lehen aipatu dudan moduan, herriaren tamaina da alde nagusia. Salardun 600 lagun inguru bizi gara, eta testuinguru horretako bizitza erritmoa eta Azpeitikoa oso ezberdinak dira. Horretaz gain, horren herri txikietan herritarren arteko inbidiak ere oso nabarmenak direla konturatu naiz. Ni neu kontu horietatik guztiz at nago, baina azken hamarkadetan eskualde guztia elurretako kirolak egiteko dituzten azpiegiturei eta bertako paisaia zoragarriari esker, oso modan jarri da; bertako herritar askok lur-sail handiak zituzten, eta dituzte, eta horietako asko aberastu egin dira lur-sail horietan etxeak egin dituztelako. Nik uste dut horrek tentsioak eta inbidiak sortu dituela bertakoen artean, eta kanpotik horrelako inguru batera iristean oso nabarmen antzematen dira.

Noizbait Azpeitira itzultzea pentsatu al duzu?

Egia esan behar badut, ni oso zoriontsua naiz hemen. Hainbeste urtean ahalegina egin eta sakrifikatu ondoren, lortu dut nire zaletasuna ogibide bihurtzea, izan ere. Normala den moduan, asko gogoratzen naiz familaz, lagunez eta Azpeitiaz, baina Aran ibarrean nire tokia aurkitu dudala uste dut.