Bertsotan kontatzeko hamaika ipuin jaso ditu Urko Egañak

Urola Kostako Hitza 2012ko api. 24a, 20:21
Duela bi urte bururatu zitzaion ideia Urko Egañari.

Bertsolaritzaren eta literaturaren arteko zubia egiten saiatu da azpeitiarra, DVD batekin; gaur aurkeztu du lana, Donostian. "Hasiera batean pertsonala zen helburua: neure umeari ipuinak modu horretan eskaintzea. Baina azkenean beste bide bat hartu du proiektuak", aitortu du. "Lanaren beraren helburua bertsolaritza sustatzea, eta literatura eta bertsolaritzaren arteko zubi lana egitea ere bada, azken finean".

Gaur aurkeztu du Urko Egañak, sortu berri duen 11 kantatzeko DVDa. Azken bi urteetan lagun talde bat lanean aritu da proiektua burutu ahal izateko, eta horren emaitza erakutsiko dute gaur jendaurrean Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian.

Hamaika ipuinek osatzen dute DVDa. "Mari Errauskin, Pinotxo, Txanogorritxo... Ipuin gehienak klasikoak dira", dio Egañak, nahiz eta Oñatiko jentilen istorioa kontatzen duen, baita Sant Jordiren kondaira ere. "Oñatiko Turismo Bulegoan jardun nintzen lanean, eta han ezagutu nuen jentilen istorioa. Azpeitiko Amuko zubiaren antzekoa da. Katalunian ere bizi izan nintzen, eta hango istorio bat ere sartu nahi izan nuen".

Marrazkiekin osatutako ipuinak dira, bertsotan kantatzeko modukoak, eta guztiak musikatuta daude. Bertsoak marrazkiekin batera jaso ditu,irakurri ahal izateko. Ipuin luzeena zortzi minutukoa da. "Ahots bat baino gehiago jasotzen ditu. Marrazkiei dagokionean, akuarelaz egindakoak dira, gero animatutakoak. Erritmo anitzak dauzka; hamaika ipuin direnez, hamaika estilo".

"Bi urte beteko dira datorren hilean ideiari heldu niola. Nire andrea haurdun gelditu zen. Umearentzat ipuin batzuk hartu, eta haiekin bertso batzuk egitea bururatu zitzaidan, opari gisa. Lau edo bost hartu nituen lehendabizi, bertsoak egin nituen haiekin, eta zein formatu eman pentsatzen hasi nintzen. Oso ongi marrazten duen lagun bati laguntza eskatu nion, eta baietz erantzun zidan; asko gustatu zitzaion ideia". Beste lagun bati ere aurkeztu zion gero, Iñaki Olalderi. Kolaboratzailea izan du hura ere."Artean Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko transmisio burua zen. Harek Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko transmisio buruarekin jarri ninduen harremanetan. Proiektua asko gustatu zitzaien. Baina orduan lanaren zati txiki bat baino ez nuen erakutsi; ipuin batzuk bertso paperera pasatuta, eta marrazkiak. Handik aurrera amets txiki bat zena hazten hasi ginen", kontatzen du Egañak.

Lantaldearen emaitza

Egañak berak, Antton Iztuetak, Oskar Estangak, Leire Derteanok eta Olatz Amozarrainek osatu dute proiektua aurrera atera ahal izateko lantaldea. "Ordu asko eskaini dizkiote proiektuari. Azkenean ni agertzen naiz egile gisa, baina guztion artean eginiko obra bat da. Azken batean,norberaren proiektua denean, norberak ilusioa eta indarra jartzen du. Baina hauek beste hainbeste egin dute; ez dago gehiago eskatzerik. Garbi utzi nien talde lana izan zedin nahi nuela, eta hala izan da". 2010eko abenduan Estanga bertsoei doinuak jartzen hasi zela kontatu du. "2011ko urtarrilerako bertso guztiak idatzita neuzkan".

"Hasiera batean pertsonala zen helburua: neure umeari ipuinak modu horretan eskaintzea. Baina azkenean beste bide bat hartu du proiektuak", aitortu du. "Lanaren beraren helburua bertsolaritza sustatzea, eta literatura eta bertsolaritzaren arteko zubi lana egitea ere bada, azken finean".

Ipuinek transmititzen dituzten baloreen inguruan ere azalpenak eman ditu. "Ipuin klasikoetako baloreek ez dute bat egiten gaur egungo balore askorekin. Garbi dago hori. Batez ere emakumeen egoerari dagokionean. Eta eskerrak. Halako gauzetan arreta jarri baino, bertsolaritzan, ipuinetan eta umeen sortze bide horretan zentratu naiz, ordea", azaldu du.

Lanak ez du bat-bateko bertsolaritza edo bertso paper arruntaren estiloa. "Azkenean, ipuinen estiloan dago idatzita, ahalik eta mozketa gutxien eginda. Beraz, irakurrita edo abestuta, antzeko moduan gelditzen da". Umeak bertsolaritzara gerturatu nahi ditu lanarekin. Azkenean, "jolas polita" sortzen dela iritzi dio. "Gurasoek zein aiton-amonek beti izan dute beharra seme-alabei edo bilobei ipuinak kontatzekoa, eta hau tresna egokia da. Kasu honetan abestu egingo lizkiokete. Bi aukera eskaintzen ditu DVDak. Bertsoak entzun daitezke, irudiak ikusiz. Edo doinua soilik entzun, letrarik gabe. Horrela, mikrofonoa jarri, eta haurrek abesteko aukera dute. Horrez gain, ikasteko material bezala ere aproposa dela uste du Egañak. Bertso eskolak ematen ditu Egañak, eta dagoeneko egin ditu proba batzuk, bere ikasleekin material hori erabilita. Emaitzarekin "gustura" gelditu dela jakinarazi du.