Azpeitian ospatuko dute Txolarte Eguna, maiatzaren 12an

Uztarria.eus 2012ko api. 25a, 12:12

Gipuzkoako Txolarte programan parte hartzen duten hainbat herritako kideak etorriko dira Azpeitira. Hori dela-eta, hainbat ekimen antolatu dituzte egun horretarako. Musikaz, janaz eta ekitaldiez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Bazkaria berdura plazan izango da, eta apirilaren 27ra arte erosi ahal izango dira bazkarirako sarrerak Sanagustin kulturgunean, zein Eguzkitza eta Orkatz tabernetan, 10 euroren trukean.

Aurtengo Txolarte Eguna Azpeitian ospatuko dute maiatzaren 12an, zapatua. Gipuzkoako Txolarte programan parte hartzen duten hainbat herritako kideak etorriko dira Azpeitira. Hori dela-eta, hainbat ekimen antolatu dituzte egun horretarako. Musikaz, janaz eta ekitaldiez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Bazkaria berdura plazan izango da, eta apirilaren 27ra arte erosi ahal izango dira bazkarirako sarrerak Sanagustin kulturgunean, zein Eguzkitza eta Orkatz tabernetan, 10 euroren trukean.

Joan den zapatuan aurkeztu zuten festa eguna Sanagustin kulturgunean. Han elkartu ziren Txolarteko erabiltzaile eta boluntarioak, erabiltzaileen familiakoak, Atzegiko zuzendaria eta Udaleko ordezkariak, besteak beste.

Azpeitiko Txolarten 24 erabiltzaile eta hamalau boluntario daude egun. Erabiltzaile baten aitak esan zuenez, "oso garrantzitsua da Txolarteri esker gure seme-alabak kalean ikustea. Maiatzaren 12an Gipuzkoako Txolarteko erabiltzaileak bilduko dira Azpeitian, eta helburua ondo pasatzea da". Gainera, aurkezpenean hitz egin zuten Txolarteko erabiltzaile batzuk ere, eta denak gustura agertu ziren Txolarten egiten dituzten ekimenekin. Iosu Urbietak boluntario lanetan dabil azken hilabeteetan Azpeitian, eta "denak gonbidatuta zaudete Txolarte Egunean parte hartzera" esan zuen.

Mikel Ibarzabal Udal zinegotziak adierazi zien han bildutakoei, "elkarrekin ahalik eta ondoen pasatzeko eguna, eta boluntarioak-eta zoriondu zituen egiten duten lanagatik".

Txolarte Atzegiren aisialdi zerbitzua da. Hala, adimen urritasuna duten pertsonak astebukaeretan boluntarioekin hainbat ekimen egiten dituzte. Jose Antonio Idoeta lehendakariak esan zuenez, "Atzegik gai asko lantzen ditu, eta horien artean aisia. Horren harira, antolatzen dugu urtero egun hau".

Hona Txolarte Eguneko egitaraua:

11:00etan, ongi-etorria udaletxe aurrean.

11:30ean, ekitaldiaren aurkezpena eta opari banaketa, Izarraitz pilotalekuan.

12:00etan, Urola bailararen aurkezpena antzerki bidez, Izarraitz pilotalekuan.

12:30ean, Izarraitz pilotalekutik plazara kalejira, Elektrotxarangarekin. Behin plazan, tragoa hartuko dute.

13:30ean, bazkaria egingo dute plazan. 

15:30ean, DJ Festa izango da Izarraitz pilotalekuan.

17:00etan bukatuko da festa.