Emakumezkoetan marka egin du Eunice Kirwak Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdian

Uztarria.eus | Kirolak
2012ko mar. 31a, 19:07

1:08:39 eginda, Pamela Chepchumba herrikideak 2007an ezarritako marka ia hogei segundutan hobetu du atleta keniarrak. Gizonezkoetan Wakeyo Habtamu etiopiarra nagusitu da (1:01:09). Xabier Lasa eta Nerea Etxeberria izan dira aurreneko azpeitiarrak, eta biak Gipuzkoako Txapelketaren podiumean ere izan dira, hirugarren tokian. Gizonezkoetan Azpeitian bizi den Asier Cuevas eibartarrak jantzi du Gipuzkoako txapela, eta Ainhoa Sanz urretxuarrak irabazi du emakumezkoena.

Eunice Kirwa, helmugan. Bere atzean Asier Cuevas, Gipuzkoako txapelduna.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Gizonezkoena hausteko itxaropena zuten antolatzaileek (iaz Stanley Biwotek ezarritakoa), baina emakumezkoena izan da hankaz gora gelditu den marka gaur, zapatua, XIX. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdian. 1:08:39 eginda, Pamela Chepchumba herrikideak 2007an ezarritako marka ia hogei segundutan hobetu du Eunice Kirwa atleta keniarrak. Doris Changeiywo (1:11:10) izan da bigarrena eta Edith Chelimo (1:11:21) hirugarrena. Lasterketa hasi aurretik faborito izendatzen zuten Fridah Domomgole, 2011ko irabazlea, laugarren tokian sailkatu da.

Gizonezkoetan, eta lasterketaren sailkapen nagusian buru, Wakeyo Habtamu etiopiarra nagusitu da (1:01:09), keniarrei aurrea hartuta. Mark Korirrek (1:01:19) eta Mike Kigenek (1:01:19) osatu dute podiuma.

Lasa eta Etxeberria, Gipuzkoako Txapelketaren podiumean

Xabier Lasa (1:11:41, sailkapen nagusian 15.) eta Nerea Etxeberria (1:27:50) izan dira aurreneko azpeitiarrak, eta biak Gipuzkoako Txapelketaren podiumean ere izan dira, hirugarren tokian. Gizonezkoetan Azpeitian bizi den Asier Cuevas (1:08:40) eibartarrak jantzi du Gipuzkoako txapela, eta Ainhoa Sanz (1:25:34) urretxuarrak irabazi du emakumezkoena.

Juan Mari Olaizola, omendua

Antolatzaileek aste honetan iragarri bezala, Diego Garciaren masajista eta lagun izan zen Juan Mari Olaizola omendu dute gaur arratsaldean, maratoi erdiaren sari banaketa ekitaldiaren barruan. Garciaren oso gertuko beste lagun batek, Santi Perez entrenatzaileak, eman dio oroigarria Olaizolari.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu