Uztarria.com ere M29an greban

Uztarria.eus 2012ko mar. 28a, 21:00

Uztarria Komunikazio Taldeko langileek bat egin dute Euskal Herriko gehiengo sindikalak deitutako grebarekin eta webgune hau geldirik izango da martxoaren 29an, osteguna. Azpeitian lantoki askok egin dute bat deialdiarekin: Udalean, ikastetxe guztietan eta enpresa nagusi gehientsuenetan greba egingo dutela iragarri dute. Bertan Merkatari Elkarteak, bere aldetik, "errespetua" eskatu du saltokiak "ireki edo ez" erabakitzen duten guztiekiko. Sindikatuek hainbat mobilizazio deitu dute greba egunerako.

Uztarria Komunikazio Taldeko langileek bat egin dute Euskal Herriko gehiengo sindikalak Espainiako Legebiltzarrak onartutako lan-erreformaren kontra deitutako grebarekin eta webgune hau geldirik izango da martxoaren 29an, osteguna.

Azpeitian lantoki askok egin dute bat deialdiarekin. Udal langileek bat egin dute grebarekin eta, hala, udal eraikinak eta zerbitzu gehienak itxita izango dira.

Hezkuntzan grebaren jarraipena erabatekoa izango da, herriko ikastetxe guztiek (Azpeitiko Ikastola Ikasberri, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai, Iraurgi Ikastetxea eta Urola Ikastola) deialdiarekin bat egin baitute; ikastetxeek ateak irekita izango dituzte eta legeak agindutako gutxieneko zerbitzuak emango diituzte, baina eskolarik ez dute emango inon.

Enpresetan ere grebaren jarraipena handia izatea aurreikusten da. Lantoki handi gehientsuenetan greba egingo dutela iragarri dute; Corrugados Azpeitian eta Lasaon, Tecnalia Azpeitian, Bielen, Glualen eta Azcue y Compañian, esaterako. Lan Mobelen ez dute grebarik izango.

Sindikatuek hainbat mobilizazio deitu dute greba egunerako. Azpeitian goiz eta arratsalde partean manifestazioak egingo dituzte.