Juan Antxieta Musika Eskolako txistulariak sariak pilatzen

Uztarria.eus | Kultura
2012ko mar. 28a, 15:32

Azpeitiko hamar ordezkarik hartu zuten parte martxoaren 24an Hernaniko VIII. Txistulari Txapelketan eta ez ziren etxera esku hutsik itzuli. Taldekakoan bigarren eta hirugarren sariak irabazi zituzten musika eskolakoek, eta Alain Sorazuk 12 eta 16 urte artekoen artean bigarren saria.

Hernaniko txapelketan parte hartu zuten azpeitiar txistulariak, sariekin.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Juan Antxieta Musika Eskolako txistulari gazteek lan ederra egin zuten joan den larunbatean Hernanin. Aurreko urteetan bezala, hango txistulari txapelketatik bueltan musika eskolan Gorka Zabaleta irakaslearekin aritzen diren txistularien sarien zakua oraingoan ere potoldu da.

Azpeitiko hamar ordezkarik hartu zuten parte martxoaren 24an Hernaniko Milagrosa kaperan egin zen VIII. Txistulari Txapelketan. Txapelketa hiru mailatan banatuta jokatu zuten: A mailan 12 urte artekoak aritu ziren eta, haien artean, Azpeitiko bi; B mailan, 12tik 16 urte artekoenean, bost izan ziren azpeitiar ordezkariak; eta D mailan, taldekakoan, Juan Antxietako bi taldek hartu zuten parte.

Azken maila horretan, taldekakoan, bigarren eta hirugarren sariak poltsikoratu zituzten azpeitiarrek. Antxieta taldean aritu ziren Iñaki Agirrek, Jon Azpeitiak, Aritz Aldalurrek eta Iraitz Urangak irabazi zuten bigarren saria; eta Alain Sorazuk, Iñaki Azpeitiak, Unai Montorik eta Maria Sorazuk, Antxieta Txiki taldeak, hirugarrena.

Bakarkako sari bat ere ekarri zuten Hernanitik Azpeitira. Hain zuzen ere, Alain Sorazuk 12 eta 16 urte artekoen artean bigarren saria lortu zuen.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu