Igandean egingo dute XXXV. Udaberriko Argazki Rallya

Uztarria.eus | Kultura
2012ko mar. 27a, 18:25

Azpeitiak eta bertako Trenaren Museoak osatuko dute aurtengo edizioaren ibilbidea. Izen-ematea Azpeitiko Argazki Elkartearen (AAE) egoitzan egin beharko da 09:00etatik 09:30era eta rallya 14:00etan bukatuko da. Kamera digitala eta memoria-txartel huts bat duen edonork har dezake parte. Burnibidearen Euskal Museoaren Fundazioarekin elkarlanean hainbat ekimen ere iragarri ditu AAEk.

Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatzen dituen lehiaketen artean zaharrenak, Udaberriko Argazki Rallyak, XXXV. edizioa beteko du igandean, apirilaren 1ean. Azpeitia eta herriko Trenaren Museoak osatuko dute aurtengo saioaren ibilbidea eta, ohikoa denez, rallyrako hautatutako gaiak egunean bertan ezagutuko dituzte parte-hartzaileek.

Kamera digital bat eta memoria-txartel huts bat duen edonork dauka rallyan parte hartzeko aukera. Izen-ematea Azpeitiko Argazki Elkartearen (AAE) egoitzan (Perez Arregi, 1, Telefonicaren egoitza zaharrean) egin beharko da 09:00etatik 09:30era eta rallya 14:00etan bukatuko da. 16 urtetik gorakoek bost euro ordaindu beharko dute izena ematerakoan; adin horretatik beherakoek, berriz, ezer ez. Apuntatzen diren guztientzako hamaiketakoa ez da faltako eta, hala nahi dutenek, rallya amaitu ondoren egingo den bazkarirako ere izena eman ahal izango dute, egunean bertan.

Lehiakide bakoitzak, esan bezala, hutsik dagoen memoria-txartela eraman beharko du. Bertan aterako diren argazkiak erresoluzio onenean aterako dira, JPG formatuan. 14:00etan, AAEren egoitzan bertan deskargatuko dituzte memoria-txartel guztiak. Txarteletan gehienez 50 irudi egongo dira eta horiek korrelatiboak beharko dute izan; hau da, argazkilariek ezingo dute irudirik ezabatu.

Sari banaketa, apirilaren 21ean

Lehiaketara aurkezteko, parte-hartzaile bakoitzak gai bakoitzeko argazki bat aukeratu eta apirilaren 8a baino lehen posta elektronikoz azpeitikoargazkielkartea@hotmail.com helbidera bidali beharko ditu, parte-hartzailearen zenbakia eta aukeratutako argazkien zenbakiak adieraziz.

Sari banaketa ekitaldia, eta rallyra aurkeztutako argazkien emanaldia, Trenaren Museoan egingo dituzte apirilaren 21ean. AAEk guztira 725 euro banatuko ditu diru-saritan XXXV. Udaberriko Rallyan. Sari nagusien artean, irabazleak 180 poltsikoratuko ditu, bigarrenak 150, eta 120 hirugarrenak.

Burnibidearen Euskal Museoaren Fundazioarekin lankidetza

Igandean egingo den rallya AAEk Burnibidearen Euskal Museoaren Fundazioarekin elkarlanean egingo dituen ekimenetako bat izango da.

Izan ere, bi erakundeek lankidetzan aritzea adostu dutela iragarri dute argazkilaritza zaleek. Horrela, eta igandeko rallyaz gain, Urolako tren zaharraren azken irudiekin argazki erakusketa bat egitekoak dira. Eta, udazkenari begira, argazki lehiaketa berri bat prestatzen ari direla aurreratu dute. Trena Euskal Herrian gaiaren inguruan egingo dute lehiaketa eta Argizaiola sariketarako puntuagarria izango da.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu