Osteguneko grebarako mobilizazioak deitu dituzte sindikatuek

Uztarria.eus 2012ko mar. 27a, 15:12
Gazte Independentistek igande gauean grebarako deialdia egin zuten, banketxeetako paretak margotuta. (Gazte Independentistak)

Ostegunean, martxoaren 29an, Espainiako Legebiltzarrak onartutako lan-erreformaren kontra greba orokorra deitu dute sindikatu nagusiek. Azpeitian ere grebara dei egin dute hainbat eragile, alderdi politiko eta sindikatuk.

Ostegunean, martxoaren 29an, Espainiako Legebiltzarrak onartutako lan-erreformaren kontra greba orokorra deitu dute sindikatu nagusiek. Azpeitian ere grebara dei egin dute hainbat eragile, alderdi politiko eta sindikatuk. Joan den astean Azpeitiko LABek eta ezker abertzaleak, euren iritziz greba egiteko dauden arrazoiak jarri zituzten mahai gainean.

ELA sinkatuak uste du arrazoi ugari daudela greba egiteko. Besteak beste, "denontzako lan eskubideak eta eskubide sozialak exijitzen ditugu, egungo politikek hondamendira garamatzalako eta errotik aldatu behar direlako", esan dute sindikatukoek kaleratu dituzten esku orrietan. Bestetik, "lana eta negoziazio kolektiboko erreformaren aurka dauden langile klasea oraindik eta gehiago pobretu nahi dute", adierazi dute. Euskal gizarteak "elkartasunaz asko daki eta bere eskubideen aldeko borroka egiten ere bai", esan dute: "Borrokatzeak merezi du. Zugatik, zure lankideengatik, zure seme-alabengatik. Inork ez diezazula esan biharko egunez denok hobeto bizitzeko ez zenuela borroka egin". Bukatzeko, "hemen bizi garenez, hemen negoziatu eta erabaki behar da", jakinarazi dute.

Azpeitiko Udal langileek ere greba egingo dute ostegunean, gehiengoak hala erabaki eta gero. Hori dela-eta, Udalari dagozkion edo Udalak kudeatzen dituen eraikinak-eta itxita egongo dira. Uztarria Komunikazio Taldeak ere Euskal Herriko gehiengo sindikalak deitutako grebarekin bat egingo du.

Bestalde, Azpeitiko Gazte Independentistek ere, grebarekin bat egin dute. Gazteek esan dutenez, "Patronalak eta gobernuak aitortu duten bezala, erreforma honek ez du enplegurik sortuko, ezta epe luzera ere. Suntsitu egingo du. Gazteok eta ondorengo belaunaldiok ez dugu enplegu egonkorrik ezagutuko. Horrek bizi proiektu duin eta independentea garatu ahal izatea ezinezko bilakatzen du. Gainera, kontuan izan behar da, murrizketa politiken ondorioz, emantzipaziorako eta oinarrizko errenta bermatzeko diru sarrerak nabarmen murriztu direla. Egoerak okerrera egin lezake, gainera".

Gainera, gaur, asteartea, hilaren 29an egingo den Greba Orokorraren harira, mahai-ingurua antolatu du Azpeitiko Gaztetxeak. Bertan, krisi ekonomiko kapitalista, lan erreforma berria edo greba orokorra bezalako gaiak landuko dituzte sindikatu desberdinetako kideen laguntzarekin. 19:00etan hasiko da, gaztetxean.

Osteguneko mobilizazioak

Ostegunean  goizetik hasita mobilizazioak izango dira herrian. 07:15ean hasita, auto-karabana egingo dute kiroldegi aurretik hasita. Gero, 09:30ean, manifestazioa izango da plazatik abiatuta. 11:45ean Donostian izango da manfiestazioa, Antiguatik hasita. Gero, arratsaldean, berriz manifestazioa egingo dute, 18:00etan, plazan hasita.