Bertsoekin osatutako 'Gailurra ikutuz' diskoa aurkeztu du Kupela taldeak

Urola Kostako Hitza 2012ko mar. 23a, 17:05
Berastegi, Larrañaga eta Zabale atzo, Donostiako Alde Zaharrean. (ELKAR)

Atzo, osteguna, goizean aurkeztu zuten Donostiako Elkar aretoan. Hamasei kantu dauzka guztira. Gainontzekoekin alderatuta, "disko ezberdina" dela azaldu dute, bertsoetan oinarritutakoa baita.

Kalean da dagoeneko Gailurrak ikutuz, Kupela taldearen disko berria. Atzo goizean aurkeztu zuten Donostiako Elkar aretoan, taldeko kideek eta argitaletxeko ordezkariek. Hamasei kantu dauzka guztira. Gainontzekoekin alderatuta, "disko ezberdina" dela azaldu dute, bertsoetan oinarritutakoa baita.

"Aspaldiko ametsa nuen nik. Kupelak hiru disko eginda zeuzkan, eta orain arte beti ibili naiz gaia neu bilatzen, letrak, bertsoak egiten... Eta ez genuen gehiegi aldatu nahi", azaldu du Anjel Larrañagak, Kupela taldeko kideak. "40 urtean asko ibili nintzen plazetan. 1980an, Amurizak txapela lortu zuenean, finalean nintzen. Jendearen belarrietara iritsi ziren bertsoak hartu ditugu".

Diskoaren azalean bertsolari sorta agertzen da sagardotegian, guztiak basoa eskuan dutela. Lazkao Txiki, Mitxelena, Lasarte, Lopategi, Gorrotxategi, Loidisaletxe, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña. Batek baino gehiagok egon nahiko luke egoera horretan, sagardotegian, nahiz eta jada ezinezkoa den. Hori desio duenak diskoan dauden bertsoekin konformatu beharko du. Larrañagaren eta gainerako guztien bertsoekin osatu baitute diskoa.

Horixe egiteko "ilusioa" zeukala dio Larrañagak. "Kantu horiekin disko bateko letrak egin nahi nituen". Lehen, doinuak ere Kupelakoek osatzen zituzten, baina oraingoan bertsoen jatorrizko doinuari eutsi nahi izan diote. "Kupelaren girotik gehiegi aldendu gabe, diskoa osatzea lortu dugu", azaldu du, hala ere.

"Guk ezagutu dugun bertsolarien mundua dago diskoan". Diskoa "nahasketa bat" dela dio, "duela 40 urteko gauzekin eta oraingoekin" egindakoa.

"Denak ere -Kupelako kideak eta argitaletxekoak- oso gustura gelditu dira", dio Larrañagak. "Giroa pixka bat aldatzea komeni" zela dio, beti ere aldatzeak on egiten duela argudiatuta. "Kupelak dantza giroa izan du beti bere zigilua. Hala, trikitia eta porrusalda ere badaude diskoan, eta fandangoa eta arin-arina ere bai".

"Artxibo bezala ere, bertso historikoak badaudela uste dut. Niri behintzat, asko gustatu zitzaizkit, eta oraindik ere garrantzia dutela uste dut". Doinuei dagokionean, orain gutxi entzuten direnak jaso dituztela jakinarazi du. "Ziur aski doinuren bat edo beste izango da gazteren bati berria egingo zaiona. Bertso eskoletan doinu asko ibiltzen dira, baina egongo da bakarren bat".

Nolatan aukeratu dituen galdetuta, zera erantzun du: "Bertsoek aukeratu ninduten ni". Bertso batzuk buruan gelditzen direla azaldu du Larrañagak. "Eta buruan gelditzeko, normalean bertso onak izaten dira". Horrez gain, "zeresana eman zuten bertsoak" bildu dituztela dio. "Denei gustatzea zaila da, baina orokorrean gustatuko delakoa nago".

Kontzertuak, udarako

Hilabete hauetarako ez dute kontzertu asko agendan. "Bat edo beste badago, dena den". Hala ere, "horrela behar"duela dio Larrañagak. "Maiatzetik aurrera, ordea, festa izaten da. Abuztu-iraila bitartean, hiru bat hilabete indartsuak izaten dira. Urtea hor kargatzen da, eta urte osoan ezin da horrela ibili. Ikusiko dugu".