"Zero zabor bidean", atez atekoaren aldeko apustua egin dute Gaztetxean

Uztarria.eus 2012ko mar. 22a, 19:35
Gaztetxeko kideak, lokalean hondakinak sailkatzeko erabiltzen dituzten edukiontziekin.

Hondakinen kudeaketaren gaineko eztabaidan beren irakurketa plazaratu nahi izan dute Gaztetxeko kideek. "Guk argi daukagu, ezin da orain arte egin duguna egiten jarraitu; hau da, baliabideak ustiatu, erabili, zabortegira bota eta berriro berriak ustiatu", diote. Herritarrak gaiari buruz "informatzeko beharra ikusten" dute. "Eztabaida politizatu eta beste eremu batera desbideratu nahi duten guztiei jarrera aldatzeko" eskaera ere egin diete.

Hondakinen kudeaketaren gaineko eztabaidan beren irakurketa plazaratu nahi izan dute Gaztetxeko kideek. "Guk argi daukagu, ezin da orain arte egin duguna egiten jarraitu; hau da, baliabideak ustiatu, erabili, zabortegira bota eta berriro berriak ustiatu", diote.

Asteazkenean, martxoak 21, Gaztetxean bertan egindako prentsaurrekoan, gaiarekiko interesa berria ez dutela nabarmendu zuten Gaztetxeko kideek. "Gaztetxean beste eredu bat posible dela ikusi eta erakutsi dugu; behar izan ditugun gauza gehienak beste norbaitek zaborretara bota behar zituen tresna eta materialak berrerabiliz lortu baititugu. Modu honetara, zabor izatera pasatuko ziren hondakinei erabilera eman diogu, produktu berriak kontsumitu ordez. Edalontziak ere berrerabilgarriak erabiltzen ditugu, plastikozko baso mordoa aurrezten dugularik. Eta sortzen dugun hondakina, berriz, gaika bereizten dugu, organikoa barne", azaldu dute. Gaiarekiko informazioa hedatzen ere ahalegindu dira, hitzaldiak antolatuta edota Kontu lepo aldizkariaren bidez.

"Oraindik ibilbide luzea egiteko" dutela onartzen dute, baina "ibilbide horretan pausoak ematen jarraitzeko prest" daude, eta horien artean dago gaiaren gaineko euren irakurketa herritarren aurrean plazaratzea, orain egin duten bezala. "Guk argi daukagu, ezin da orain arte egin duguna egiten jarraitu; hau da, baliabideak ustiatu, erabili, zabortegira bota eta berriro berriak ustiatu", diote. Horregatik, "zero zabor bidean", atez ateko bilketa sistemaren aldeko apustua egiten dutela jakinarazi dute, "pauso handia ematen baita gaikako bilketa sistema horrekin". Gaztetxeko kideen ustez sistema erangikorra da atez atekoa eta, besteak beste, datu batzuk ere eman dituzte, hori adierazteko: "Datuak begiratu besterik ez dago, Azpeitian gaur egun %27a birziklatzen da eta gainerako %73a Lapatxera doa; eta atez atekoarekin, Usurbilen % 88a birziklatzera iritsi dira, %12a bakarrik doa zabortegira".

Datuen eta bestelako aldeko argudioen gainetik, ordea, Azpeitiko Gaztetxearentzat benetako garrantzia duena herritarrak informatzea da. "[atez atekoa] Zer den ikusi ondoren, gehienek iritzia aldatu dute, aldeko jarrera azalduz; beraz, azpimarratu nahi dugu jendea informatzea behar beharrezkoa ikusten dugula prozesu honetan", diote. Informazioa hedatzeko lan horretan ekarpena egiteko prest daude Gaztetxean, Azpeitia Zero Zaborrekin elkarlanean.

Azkenik, "eztabaida politizatu eta beste eremu batera desbideratu nahi duten guztiei jarrera aldatzeko" eskaera ere egin diete. "Orain arteko martxan jarraitzen badute, beraiena defendatzeko argumenturik ez duten seinalea da", Gaztetxeko kideen ustez.