Mireia Epelde: "Gustatuko litzaidake iazkoa hobetzea"

Uztarria.eus 2012ko mar. 8a, 10:30
Mireia Epelde Lointek Bizkaiko taldearekin arituko da hirugarren urtez jarraian. (Lointek)

Mireia Epelde (Azpeitia, 1985) txirrindulariak zapatuan, hilaren 10ean, hasiko du 2012ko denboraldia, Espainiako Kopan, Meruelon (Kantabria, Espainia). Hori dela-eta, Uztarria.com-ek berarekin hitz egin du denboraldi berrirako dituen asmoez-eta. Epeldek esan duenez, "gogoarekin eta era berean urduri nago hasteko".

Mireia Epelde (Azpeitia, 1985) txirrindulariak zapatuan, hilaren 10ean, hasiko du 2012ko denboraldia, Espainiako Kopan, Meruelon (Kantabria, Espainia). Hori dela-eta, Uztarria.com-ek berarekin hitz egin du denboraldi berrirako dituen asmoez-eta. Epeldek esan duenez, "gogoarekin eta era berean urduri nago hasteko".

Zapatuan hasiko duzu denboraldi berria Kantabrian. Gogotsu al zaude?

Azkenean egun guztia pasatzen dugu entrenatzen. Luzea egiteaz gain asko sufritzen da. Lasterketak noiz iritsiko zain eta zain egoten gara, lau hilabetean prestatzen, eta orain urduri nago. Gogoarekin, baina urduri. Behin hasitakoan lasaiago egongo naiz, denbora badaramagu-eta honetan.

Espainiako Kopan izango zara zapatuan. Bestelako zein probatan hartuko duzu parte denboraldi honetan?

Momentuz Espainiako Kopan arituko naiz. Gero, martxoaren 18an Frantziara joango naiz, hango Kopako Cholet proban parte hartzeko, eta hilaren 24an Italian izango naiz Munduko Kopako Binda proban. Ez gara Kopetako proba guztietara joaten. Taldekide guztiok ez gara proba guztietan izaten. Baina, beno proba hauek ondo etorriko zaizkit erritmoa hartzeko.

Gogor entrenatu al duzu?

Eguraldiak ez du asko lagundu. Lehengo astea aprobetxatu nuen, eta baita Gabonak ere. Hala ere lana egiten dut, eta eguraldi ona eta astebukaerak aprobetxatu beharko. Handik eta hemendik denbora ateratzen dugu.

Zer entrenamentu mota egin dituzu?

Taldeko kontzentrazioak egin ditugu. Aurkezpena ere bai. Baina, bakoitzak bere kasa entrenatzen du. Leku desberdinetako txirrindulariak gaude taldean; bi errusiar, lau frantsez, katalan bat, lau euskaldun... Hori dela-eta, eta bakoitzak bere lana duelako, ezin dugu, momentuz, taldean entrenatu. Dena dela, Kantabriako zirkuitua ikustera joan ginen taldeko lau euskaldunak. Martxo aldera-edo etorriko dira hona bizitzera taldeko errusiarrak, eta orduan ikusiko dugu. 

Hirugarren denboraldia duzu Bizkaiko Lointek taldean.

Gustura nago taldearekin. Bizkaia-Durango taldea utzi nuenean, aldaketa onerako izango zelakoan nengoen. Iaz, lasterketa onak egin nituen, baina bukaera ona ematea falta. Ia aurten.

Zer erronka dituzu denboraldi berrira begira?

Gustatuko litzaidake iazkoa hobetzea. Toscanako (Italia) Giroan saria eman zidaten. Azken lasterketa izan zen eta sentsazio onarekin bukatu nuen denboraldia. Horrek txispa eman zidan aurten denboraldia ondo hasteko. Hala ere, iazko laugarren postu haiek guztiak hobetzea nahi dut. Bestalde, taldeak egin dituen fitxaketekin kanpora begira lan ona egiteko aukera dagoela uste dut.

Txirrindularitza gainbeheran datorrela dirudi. Euskal Herriko Itzulia egin ala ez ibili dira, baita Miguel Indurain Saria ere...

Azken aldian txirrindularitzarekin lotuta albistegietan entzuten diren albiste guztiak txarrak dira. Ez da hain ondo ikusitako kirola, eta jendeari kosta egiten zaio diruz laguntzea. Egun bizi dugun egoerarekin, oraindik eta gehiago. Denei kendu dizkiete laguntzak, eta txirrindularitzari ere bai.

Hori gizonezkoei dagokionean. Emakumeen txirrindularitzan gabeziak berdinak al dira?

Gizonezkoen txirrindularitzan murrizketak egon dira, eta oiartzuna izan dute. Aldiz, emakumeen txirrindularitzakoak ez dira entzun ere egiten. Hala ere, nahiko egutegi ona dugu guk. Lehen Espainiako lasterketak asko ziren, orain, Euskal Herriko egutegiari esker dago hura bizirik. Euskal Herrian, iaz, aldaketak egin zituzten; orain, gertuko bi herritako lasterketak jarraian jartzen dituzte. Zapatuan eta igandean izaten dira. Lehen, berriz, bata aste batean eta bestea handik hiru astera igoal. Horrela jendea gerturatzeko-eta errazagoa da. Lastereketa asko ditugu eta, beno, ezingo gara kexatu.

Labur-labur

Gizonezko txirrindulari bat? Fabian Cancellara.

Eta, emakumezkoa? Emma Johansson.

Lasterketa bat? Italiako edo Toscanako Giroa.

Bizi izan duzun momentu onena? Asko izan dira. Garaian garaikoak.

Eta, txarrena? Duela bi urte Valladoliden erorikoa izan nuenean.