Azpeitiko EAk Lapatx "berehala" ixteko eskatu du

Uztarria.eus 2012ko mar. 7a, 11:22

Zaborren kudeaketaren gaia bolo-bolo dabil Gipuzkoan, eta Azpeitiko EAk iritzia plazaratu du ohar bidez. Alderdiarentzat "Lapatx berehala itxi behar da". Hori nabarmendu du. Horretaz gain, beste zenbait puntu ere azaldu ditu. Esaterako, "birziklatzeko sistema eraginkorrena" aurkitzearen beharra agertu du. 

Zaborren kudeaketaren gaia bolo-bolo dabil Gipuzkoan, eta Azpeitiko EAk iritzia plazaratu du ohar bidez. Alderdiarentzat "Lapatx berehala itxi behar da". Hori nabarmendu du. Horretaz gain, beste zenbait puntu ere azaldu ditu. Esaterako, "birziklatzeko sistema eraginkorrena" aurkitzearen beharra agertu du. Eta, bide horretan, herritarrek "parte hartuko duten prozesu bat" abiatu nahi du: "Beharrezkoa da parte hartze prozesu horretan herritarrek ahotsa eta erabakitzeko ahalmena izatea".

Kolaborazioa, funtsezkoa

Azpeitiko EArentzat "funtsezkoa" da herritarrek kolaboratzea, bai behintzat birziklatzeko sistemak arrakasta edukitzea nahi bada: "Politika kudeatzerakoan herritarren parte-hartzean sinesten dugu, eta kasu honetan are gehiago; izan ere, ezinezkoa da sistema eraginkorra aurkitzea herritarren laguntzarik gabe". Alderdiarentzat "herritar bakoitzaren inplikazioak ahalbidetuko du sistemak funtzionatzea".

Hala, proposamen bat jarri du mahai gainean: herritarrak informatzea udal gobernuak martxan jarri nahi duen kudeaketa sistemaren inguruan; hasierako proposamenaren inguruan herritarrek zalantzak eta proposamenak egin ahal izatea; eta benetako eskaera baldin badago, herri galdeketa egitea "interes alderdikoiak eta ohiartzun mediatikoa alde batera utzita".