Martxoaren 8ari lotutako adierazpena eta karabanentzako aparkaleku publikoaren arautegia onartu ditu Udalak martxoko osoko bilkuran

Uztarria.eus 2012ko mar. 6a, 23:56

Halere, gai-zerrendan ez zeuden kontuek sortu zuten eztabaida. Galdera-erreguen tartean, atez ateko zabor bilketa ezartzearen aukeraz herri galdeketa egitea eskatuz EAJk prestatu duen mozioaz, eta 2012ko aurrekontuen lanketaz aritu ziren udal ordezkariak.

Bihar, martxoaren 8a, ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunarekin lotuta adierazpena onartu zuten atzoko udalbatzarrean. Aho batez onartu zuten adierazpena Bilduk eta EAJk -Hamaikabateko Aitor Arangurenek ez zuen bileran parte hartu-, baina jeltzaleen aldetik ñabardura batekin. Onintza Etxeberria zinegotziak azaldu zuenez, "funtsean ados" daudelako babestu dute adierazpena, "baina ez zaigu gehiegi gustatzen erabili den hizkuntza. Ez zaigu iruditzen emakume guztiak errepresentatzen dituenik".

Hona hemen Udalak onartutako adierazpena, osorik:

"Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna hurbil daukagun honetan, Azpeitiko Udalak gizon eta emakumeen arteko benetako aukera-berdintasuna lortzeko lanean aritzeko dugun konpromisoa berretsi nahi dugu.

Aldaketa garaia bizi dugu Euskal Herrian. Aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko garaia. Emakumeak aldaketa horren subjektuak izan daitezen politika feminista garatzea ezinbesteko konpromisoa da.

Azpeitiko Udalak bultzatuko duen politika feministak honako hau kontuan izango du:

Emakumeok jasaten dugun zapalkuntza egiturazkoa da. Hau da, jendartearen egituraren emaitza da eta antolaketa ekonomikoan, politikoan eta ideologikoan uztartuta dago. Egiturazkoa da patriarkatua erabat errotuta dagoelako gure jendartean eta antolaketa eredu hori sistema kapitalistaren ezinbesteko zutabea delako.

Udalean garatu nahi dugun Politika Feministak estrukturala den arazo bati erantzun nahi dionez, ezinbestean politika integrala izan behar du emakumeen bizitzaren arlo guztietan eragin behar duelako.

Politika feminista emakumeon eskubideetan oinarrituko da. Beste herri eredu baten eraikuntza dugu helburu. Hau da, gizon eta emakumeen arteko harreman eredu berri bat eraiki nahi dugu.

Politika feministak emakumeen gidaritza eta parte hartzea bilatuko du. Politika honen definizioa mugimendu feminista eta emakume taldeekin egin behar da. Hauen parte hartzeak politika feminista erreala definitzea ahalbideratuko du.

Politika hau espezifikoki landuko dugu, baina ez dugu zeharkakotasuna ahaztuko. Martxan jartzen ari garen proiektua oinarri feministetan egituratuko dugu eta gure herrian sortzen ditugun politika guztietan ikuspegi feminista kontuan izango dugu.

Bukatzeko, Azpeitiko Udalak mugimendu feministak antolatuko dituen ekimen guztietara joateko deia luzatu nahi die herritar guztiei.

Asko dugu egiteko eta asko dugu ikasteko. Politika feminista gure herrian marrazten ari garen aldaketa politiko eta sozialaren izarra bihurtu behar dugu".

Karabana eta autokarabanen aparkalekurako arautegia

Aho batez onartu zen bestea karabanentzako eta autokarabanentzako aparkaleku publikoaren arautegia izan zen. Perdillegi kalean, besteak beste Juan Antxieta Musika Eskola eta Euskara Patronatua hartzen dituen eraikinaren atzekaldean dago aparkaleku hori, iaztik.

Onartu berri den arautegia karabana eta autokaranaba zaleek osatutako Bagoaz Elkartearekin elkarlanean landu dutela azaldu zuen Aritz Epelde zinegotziak. Ibilgailuak aparkaleku publikoan uzten dituztenek argi eta ur hartuneak izango dituzte han baina, besteak beste, ezingo dute gaua han pasatu, ezta ibilgailuak bertan garbitu ere.

Atez atekoa eta aurrekontuak

Halere, gai-zerrendan ez zeuden kontuek sortu zuten eztabaida atzo iluntzeko udalbatzarrean. Galdera-erreguen tartean, atez ateko zabor bilketa ezartzearen aukeraz herri galdeketa egitea eskatuz EAJk prestatu duen mozioaz, eta 2012ko aurrekontuen lanketaz aritu ziren udal ordezkariak.

Aipatutako mozioa atzo bertan aurkeztu zuten jeltzaleek, ez zegoen gai-zerrendan eta, horrenbestez, ez zuten bozkatu. Bilduk gaiaren gainean "adierazpenak egin" dituela gogoratu zuen Eneko Etxeberria alkateak. EAJko Jesus Larrañagak, berriz, "mozioa aurkezteko arrazoi bakarra hori -atez ateko bilketa- Azpeitian jarriko dela egunkarien bidez jakitea" izan dela esan zuen.

"Azpeitian atez ateko bilketa sistema jartzearen aldekoa zara?" galderarekin eta "bai ala ez" aukerak emanda herri-galdeketa abian jartzea eta Udalak kontsultaren emaitza bere egitea eskatzen zuen EAJk azkenean bozkatu ez zen mozioan. "Gaia oso delikatua" dela iritzita, datozen hilabeteetan lantzeko konpromisoa azaldu zuen Etxeberriak. Leire Etxaniz zinegotziak, bere aldetik, Bilduk atez atekoaren gaineko erabakia hartua duenik ez duela esan gogoratu zuen, "proposamena udalbatzarrean aurkeztuko zela baizik".

Atez atekoarenak mahai gainean jarri aurretik, 2012ko udal aurrekontuaren lanketaz ere kexu agertu ziren EAJkoak. Aitor Gorrotxategiren esanetan, lanketa horretatik "baztertuta" sentitzen dira jeltzaleak; parte hartzeko eta "ekarpenak egiteko aukera izatea" eskatu zuen. Eneko Etxeberriak, berriz, udal gobernua aurrekontu zirriborroa oraindik lantzen ari dela gogoratu zuen, baina ukatu egin zuen aurrekontua "blindatuta" dutela. "Hartu beharreko erabaki batzuk oso gogorrak dira eta kritikak onartuko ditugu, baina ekarpenentzako espaziorik ez dela egongo, ez da egia", gaineratu zuen alkateak.