Mikel Larrañaga aizkorako binakako finalean ariko da igandean

Urola Kostako Hitza | Kirolak
2012ko mar. 1a, 12:30

Eusko Label Binakako Aizkora Txapelketako finalak jokatuko dira igandean, hilak 4, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Mikel Larrañagak adierazi duenez, "finalean ongi jarduten badugu, lanak emango dizkiegu kontrakoei".

Mikel Larrañaga lan egiten duen zerrategian, Azpeitian. (Nerea Uranga)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Eusko Label Binakako Aizkora Txapelketako finalak jokatuko dituzte igande eguerdian Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Finaleko hiru jardunaldi izango dira Izarraitzen. Urrezkoen mailan, Angel Arrospide eta Ugaitz Mugertza Joseba Otaegi eta Unai Otañoren kontra ariko dira; Zilarrezkoen mailan, Aratz Mugertza eta Mikel Larrañaga azpeitiarra, Arkaitz Jauregi eta Jose Angel Zubiagaren aurka; eta, gaztetxoetan, Eneko Saralegi eta Julen Larreak, Eneko Otaño beizamarraren eta Joxean Etxeberriaren kontra jokatuko dute. Baina, laugarren saio bat ere jokatuko dute aizkolari gazteek. Jubeniletako gaur egungo lau aizkolari onenek Azpeitiko Saria izango dute jokoan. Hor Eneko Otaño beizamarra ere ariko da, Eloi Kortxero, Eneko Saralegi eta Iker Vicenterekin batera.

Aizkora ikuskizunerako sarrerak 20 euro kostatuko dira, eta Izarraitz pilotalekuko leihatilak 11:00ak inguruan zabalduko dituztela esan dute antolatzaileek.

Egurraren bueltan

Mikel Larrañaga (Azpeitia, 1989) orain bi edo hiru urte hasi zen aizkoran. "Gazte koadrilen arteko desafio batean hasi nintzen, eta gero segitu egin dut. Beti izan dut gustuk aizkora". Desafioak tentatzen duela dio. "Baina etxekoak ez dira batere jokuaren aldekoak". 

Azpeitiko Larrañaga zerrategian egiten du lan, eta bertan entrenatzen du lana bukatutakoan.
"Behin baino gehiagotan esan didate, egurra mozteko halako makinaria izan, eta aizkoran aintzinakoen antzera jarduten dudala". Aratz Errekako Inixio Zendoiak laguntzen dio aizkorarako entrenamenduetan. Zerrategian bertan egiten du lan. "Hark ere gustura jarduten du niri laguntzen", dio Larrañagak. Gero, tartean behin, Ugarteburu aizkolariarengana joaten da entrenatzera, "teknika-eta hark zuzentzen dizkit, neurri batean".

Azpeitiarrak dioenez, ez du gazte askok aizkoran jarduten. "Nafarroan batek edo bestek irteten du, baina gainontzean gazte gutxi dabil kirol honetan". Aizkoran "maila polita" erakutsiz gero, batetik eta bestetik erakustaldiak egiteko deitzen dutela dio. "Festetarako edota asteburuetarako dezente deitzen dute".

Aizkoran jarduteaz gainera, fisikoki ondo egoteko, beste hainbat kirol egiten du. Baina, azken
bi astetan "lasai hantxean" dabilela dio, "nekatu samar aurkitu eta finalean neure onean egoteko azken egun hauek lasai hartzea erabaki dut". Baina Larrañagak ez du txapela galtzeko asmorik. Aratz Mugertza Mugertza III.-arekin bikotea osatuta, Arkaitz Jauregi eta Jose Anjel Zubiaga izango ditu aurkariak. "Ongi jarduten badugu, lanak emango dizkiegu kontrakoei. Baina haiek ere gogorrak dira, bat, gainera, lehen mailan ibilitakoa da", dio. Izerdi pixka bat atera beharko dutela dio.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu