Iker Iparragirre kartzelara bidali du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, Frantziako epaia jaso eta aztertu bitartean

Uztarria.eus 2012ko ots. 16a, 10:06

Pariseko Auzitegi Korrekzionalak lau urteko kartzela zigorra ezarri zion urtarrilaren 25ean ETAko kide izatea egotzita, baina espetxe zigor hori epaiketa egiterako beteta zuen.

Preso azpeitiarra Espainiaren esku utzi dute gaur, haren kontrako euroagindua zegoela-eta. Arratsaldean Auzitegi Nazionaleko Pablo Ruz epailearen aurrean deklaratu du, Madrilen. Espainiak ere ETAko kide izatea egozten dio, baina delitu beragatik ezingo lukete bitan zigortu.

Iparragirreren abokatuak Frantziako Justiziak emandako epaiaren kopia bat helarazi dio Auzitegi Nazionaleko epaileari. Harek, ordea, Frantziako epaiaren agiri ofiziala esku artean izan eta hura aztertu arte azpeitiarra espetxera bidaltzea erabaki du. 

Frantziako Poliziak 2007ko uztailaren 26an atxilotu zuen Iparragirre eta ordutik Parisen egon da preso. Joan den urtarrilaren 18an epaitu zuten Frantzian. Epaileak lau urteko zigorra ezarri zion Iparragirreri, baina lau urte baino gehiago daramatza preso.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti (Paterra). Cordobako (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 780 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Jabi Agirre. Sevilla II (Espainia) preso, 957 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduan Espainiaratu egin zuten.
- Joseba Segurola. Nanterren (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.
- Josu Urbieta (Pow). La Santen (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2010eko ekainean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Iñaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)