Lagun Onakeko beteranoak

Urola Kostako Hitza 2012ko ots. 10a, 12:21
Joan den asteartean, Garmendipen, Lagun Onakeko beteranoen entrenamenduan bildutakoak. (NEREA URANGA)

Lagun Onak futbol kluba beteranoen futbol taldea osatzen ari da jokalari ohiekin. Iraurgi Cup-ek antolatutako txapelketa bat tarteko, entrenamenduak hasi dituzte, eta asteartero biltzen dira.

Iraurgi Cup Kirol Klubak martxoaren 17rako, ostirala, antolatu duen futbol hiruko txapelketa bat aitzakia hartuta, Lagun Onak Futbol Klubean ibilitako futbolariak biltzen hasi dira. Urteak aurrera, baina oraindik ere sasoiko, joan den asteartean egin zuten aurreneko entrenamendua Garmendipeko belar artifizialeko futbol zelaian. Entrenatzaileak Juan Ramon Olalde Kinttela eta Joseba Aranguren izango dira, eta laguntzen Aitor Zulaikak jardungo du. Gustura daude Lagun Onak-ekoak deialdiak izandako harrerarekin. Hala esan du Zulaikak: "Orain dela astebete bilera egin genuen, eta bertan beteranoen taldearen nondik norakoak eta helburuak azaldu genituen. Asteartean, berriz, lehen entrenamendura 24 lagun azaldu ziren, eta beste 4 edo 5ek ezin dutela-eta hurrengoan etorriko direla esan digute. Beraz, 28-29 laguneko futbol taldea sortzeko aukera ematen digu horrek".

Serio jarduteko asmoa

Martxoaren 17rako Iraurgi Cup-ek Lagun Onak, Anaitasuna eta Realeko talde beteranoen artean hiruko txapelketa du antolatuta Garmendipen. Bertan parte hartzeko entrenatzen hasi dira Lagun Onak-en jokatutakoak. Txapelketa eguna arte, Inauterietako asteartean ez, asteartero entrenatuko dute. "Serio hasi gara, eta serio jarduteko asmoa dugu, baina lesiorik-eta ez izateko kontuz ibili beharra daukagu", azaldu du Zulaikak.

Hiruko lehia jokatu ondoren ere, beteranoen taldeari eutsi nahi dio Lagun Onak futbol klubak. Dagoeneko, gainera, beste herrietako taldeen aurka aritzeko proposamena ere jaso
dute. "Zumaiakok bere kontra lagunartekoa jokatzera gonbidatu gaitu".

Jokalari zaharren talde berriak aurrera nola egiten duen ikusi beharko dela diote Lagun Onak-ekoek, baina helburua beteranoen taldea mantentzea da. "Klubaren helburuetako bat horixe da, lehen futbol klubean ibilitakoak kide sentitzea eta elkartearen baitan jardutea. Bakoitzak bere aletxoa jartzen badu, futbol elkartearentzako ona izango da", azaldu du Lagun Onak-eko kirol zuzendariak.

Lagun Onak-eko kide sentiarazi eta kirola egiteko aukera eskaini nahi dio futbol klubak
beteranoen taldea osatzen dutenei. "Lehen futbolean ibilitako batzuk kirola egiten segitu dute, baina beste batzuk ez horrenbeste, eta beteranoen taldean arituz kirola egiteko aukera eskainiko diegu".