Enpresa baja boluntarioak "behartzen" ari dela salatu dute Corrugadoseko LABek eta ELAk

Uztarria.eus 2012ko ots. 8a, 07:00
Corrugadoseko langileak pankartarekin lantokiaren atarian, atzo arratsaldean.

Otsailaren 10ean, ostiralean, amaituko da Lana Erregulatzeko Txostenean aurreikusitako 100 kaleratzeak bideratzeko langileak boluntario aurkezteko epea. Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordean gehiengoa osatzen duten bi sindikatuen ordezkariek atzo (asteartea) salatu zutenez, baja boluntario horietako batzuk behartzen ari da enpresa, "mehatxu bidez".

Momentuz lana uzteko 51 boluntario aurkeztu direla jakinarazi dute LABek eta ELAk, eta ostiralerako 80 inguru izan daitezkeela diote. Ekainean kaleratze gehiago egon daitekenaren beldur azaldu dira. Langileak mobilizatzera deitu dituzte, "hau ez delako hemen bukatzen".

Corrugadoseko Enpresa Batzordeko LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariek lantegi atarian egin zuten prentsaren aurrean agerraldia atzo arratsaldean; aurrez, eta sindikatu horiek deituta, langileak batzartuta egon ziren atzo bertan.

LABeko eta ELAko kideek salatu dutenez, enpresa hainbat langile presionatzen ari da, baja boluntarioa har dezaten. "Bestela, sei hilabetean Lana Erregulatzeko Txostena ezarri eta, hori bukatzen zaienean, ekainean kalera joango direla" esan zaie langile horiei, sindikatuetako ordezkarien esanetan. Hori ikusita, "hau ez dela hor geratuko" uste dute, eta kaleratze gehiago egongo direla sinestuta daude langileen ordezkariak. Susmo hori baieztatuko luke, ordezkari sindikalentzat, enpresaren proposamenetan 2012rako langile kopuru egoki bezala jasota zeuden kopuruek: "Enpresaren proposamenetan, plantilla egokia 241 langilekoa zen. 405etik -egungo langile kopurua- 241era... matematikak garbiak dira", esan dute.

Kaleratzeak ordaintzeko moduak ere piztu ditu Enpresa Batzordeko LABen eta ELAren susmoak. Kalera joango diren langileei kalte-ordaina 30 hilabetetan ordainduko diete, inolaz ere ez osorik. "Gutxiago kobratu baina dena kolpe batean jasotzea proposatu duten langileak egon dira, baina ezezkoa eman diete". Ordainketa horien bermea ez dute garbi ikusten sindikatuetakoek: "Nominak ez gara ari kobratzen, eta... Ea halaxe den eta kalera joango direnek dena zuzen kobratzen duten, horrela izatea nahiko genuke, baina...".

Eusko Jaurlaritzaren Lan Delegaritzaren jarrerarekin ere kritiko agertu dira, beste behin, Corrugadoseko langileak. "Delegaritzarekin hitz egiten saiatzen ari gara, baina eskuak garbitzen ari direla iruditzen zaigu", esan dute. Baita Jaurlaritzaren Industria Sailarekin ere, Enpresa Batzordearen eta zuzendaritzaren artean akordiorik egon ez arren, enpresa diruz laguntzea erabaki dutelako, "guri bestelakoa agindu ziguten arren".