Udalak milioi bat euro inguru itzuli beharko dio Foru Aldundiari

Urola Kostako Hitza 2012ko ots. 7a, 11:40
Manuel Unanue eta IƱaki Portilla ogasun arduradunak.

2009ko urteari dagozkion 651.318 euro aurten itzuli behar izateaz gain, krisia tarteko Azpeitiko Udalak diru-sarrera gutxiago izango ditu. Gainera, Udalean "hausnarketa sakona" egin beharko dutela adierazi du ogasun zinegotziak.

Azpeitiko Udalak aurreikusten duenaren arabera, 2011. urteko likidazioaren ondorioz, milioi bat
euro itzuli beharko dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Itzuli beharreko diru kopuru zehatza hil honen bukaeran ezagutuko du udalak. "Milioi euro pasatxo izango da; buelta horretan ibiliko da", azaldu du Manuel Unanuek (Bildu), Azpeitiko Udaleko ogasun zinegotziak. Ostiralean egin zuten agerraldia.

Diputaziora itzulitako dirua foru funtsa finantzatzeko izango da. Dirua aurten bertan itzuli beharko du udalak; kopuru erdia otsailean emango dio foru aldundiari, eta gainontzeko erdia hiru zatitan banatuta, maiatzean, abuztuan eta irailean.

Baina ez da kopuru hori bakarrik aurten Azpeitiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari itzuli
beharrekoa. Izan ere, 2009an 1.953.955,73 euro itzultzea egokitu zitzaion Azpeitiko Udalari, eta orduan dirua hiru zatitan ematea hitzartu zuten bi erakundeek. Hiru urtean itzuliko du dirua udalak, urteko 651.318 euro. Beraz, aurten itzuli beharreko diru kopuru osoa 1.677.326,68 euro izango dela aurreikusi dute udaleko ogasun arduradunek.

Asteroko argazkia

Itzuli beharreko diruaren inguruko informazio guztia izan arte ez dituzte aurtengo udal aurrekontuak ez onartzea erabaki zuten Azpeitiko Udaleko arduradun politikoek. Unanueren arabera, oso ondo hartu zuten aurrekontuak atzeratzearen erabakia. "Izan ere, astero-astero argazki desberdina daukagu, eta horien arabera aurrekontuak atzeratzea erabaki
genuen garaiko aurreikuspenak betetzen ari dira".

Diru asko itzuli behar izatea ez da Azpeitiko Udalaren arazo handiena. Izan ere, sarrerak jaisten
ari dira udaletxean. Azpeitian eta Gipuzkoan krisiaren eragina "latza" dela esan du Unanuek. Ondorioz, aurtengo udal aurrekontuak egin eta erabakitzeko orduan Azpeitiko Udalak "hausnarketa serioa eta eraginkorra" egin beharra dauka. "Hausnarketak aurretik pentsatu genuena bainosakonagoa izan beharko du", azaldu du ogasun zinegotziak. Haren arabera, egungo egoeraren arabera, aurrekontuak orekatzeko milioi bat euro beharko du udalak. 

Egoerara moldatu beharra

Datozen urteetan Azpeitiko  Udaleko diru sarrerak  "nabarmen gutxituko" direla pentsatzen dute. "Zerbitzu  publikoak bermatzeko egoera berrira moldatu beharko dugu", aurreratu dute. "Horrelako egoeretan beste edozein etxetan gertatzen dena gertatuko da udaletxean ere", adierazi du Unanuek.

Horren guztiaren harira, Azpeitiko Udaleko batzordeetan aurtengo aurrekontuak prestatzen hasita daudela azaldu dute Manuel Unanue eta Iñaki Portilla ogasun arduradunek.