Ezagutza Gunea sarearen baitan, berrikuntza arduradunen taldea sortu dute

Uztarria.eus 2012ko urt. 31a, 10:01
Otsegunean bildu ziren aurrenengo aldiz eraikin berrian. (Loiola Berrikuntza Fundazioa)

Joan den ostegunean, hilak 26, bildu ziren lehenengo aldiz Ezagutza Guneako kide diren enpresetako berrikuntza arduradun batzuk

Talde horren helburua, Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza, lan talde berriaren sorrera zehaztea izan zen

Joan den urtarrilaren 26ean, osteguna, bildu ziren lehenengo aldiz Ezagutza Guneako kide diren enpresetako berrikuntza arduradun batzuk Loiola Berrikuntza Fundazioaren egoitzan.

Goizean egindako bilera eta gero, lan talde berria sortzea adostu zuten. Talde horren helburua, I+G+Bko, hau da, Ikerketa,Garapena eta Berrikuntzako, lan talde berriaren sorrera zehaztea izan zen, lanerako filosofia zein funtzionamendu pautak elkarrekin adostuz. Bileran enpresetako kideek zituzten ezagutzak elkarbanatu, esperientziak trukatu eta enpresetarako baliogarri izango zaizkien hainbat ekimen landu zen. Han izan ziren, besteak beste, Loiola Berrikuntzako zein Ezagutza Guneako kide diren Mondragon Unibertsitateko eta CIC Nanoguneko ordezkariak.

Eskualde mailako elkarlana

Lehen bilkura honi Loiola Berrikuntza-Ezagutza Guneko Jon Zubizarretak eman zion hasiera. Lan bileraren kokapena argitzeaz gain, beronen nondik norakoak azaldu zituen. Ondoren, Mondragon Unibertsitateko Jaione Garzarainek hartu zuen hitza, eta jarraian, Loiola Berrikuntzako BegoƱa Beobide aritu zen.

Lan bilera bigarren zatia, berrikuntza arduradunak talde dinamika batean murgildu ziren. Orduan ere behar, ardura eta esperientzia komunak izan zitezkeenak trukatzeaz gain, talde bezala lanean hasteko funtzionamendu pautak ere definitu zituzten, aurrera begirako lehen pausoen oinarriak ezarriz.

Horrela, elkarrekin lanean hasteko aukera eman dezaketen gaien artean, zaintza teknologikoa, berrikuntzaren kudeaketa sistematikoa edota eragile teknologikoen eskaintzaren ezagupena bezalakoak identifikatu ziren.