Lagun Onakek Durangoren kontra itxiko ditu urtea eta lehen itzulia Garmendipen

Uztarria.eus 2011ko abe. 30a, 18:12

Partida bihar, urtarrilaren 31n, 16:00etan hasita jokatuko dute

Zozketa bereziak eta atsedenaldian alebinen arteko partidak antolatu ditu klubak San Silbestre egunerako

Lagun Onakeko futbol talde nagusiak aurten ez du gabonetako atsedenik izan, eta 2011. urtea ere lehiatuz agurtuko dute. Durangoren kontrako partidarekin, gainera, urtea ez ezik Espainiako Hirugarren Mailako IV. multzoaren lehen itzulia ere itxiko dute. Bihar, urtarrilaren 31n, 16:00etan hasita jokatuko dute partida Garmendipen.

Durangoren kontrakoa neurketa garrantzitsua da Lagun Onakentzat. Irabazi ezkero, goiko postuei begira amaituko du ligaren aurreneko erdia IƱaki Eskisabelen taldeak. Sailkapenari begiratuta, neurketa parekatua aurreikusten da: durangarrak zortzigarrenak dira eta azpeitiarrak hamargarrenak, puntu bakarreko aldearekin; 26 ditu Durangok, 25 Lagun Onakek.

Partidaren maila eta jokatuko den egun seinalatua biak kontuan hartuta, Lagun Onakek zozketa bereziak eta atsedenaldian klubeko alebinen arteko partidak antolatu ditu San Silbestre egunerako. Hiru sari zozketatuko dituzte ikusleen artean (afari bat, bi txuleta eta mariskada bat, hurrenez hurren), eta atsedenaldian jokatuko duten alebinen artean beste sari bat: talde nagusiko jokalari guztiek sinatutako baloia.