Lagun Onakeko gazteek hitzordu bereziak izan dituzte Gabonetan

Uztarria.eus 2011ko abe. 28a, 17:12
Lagun Onakeko alebinek babeslea estreinatu dute. Argazkian, jokalariak eta taldearen arduradunak, babeslearekin. (LAGUN ONAK)

Alebinek itxura ona eman zuten Zubietan jokatutako torneoan

Jubenilek Realarekin eta Eibarrekin hirukoa jokatu zuten Garmendipen, ikusle ugariren aurrean

Futbolak ez du etenik izan Gabonetan, ez behintzat Lagun Onakeko hainbat talderi dagokionez. Espainiako Hirugarren Mailan liga izan da etenik izan ez duena, eta Lagun Onakekoak esku hutsik itzuli ziren Zallatik (2-0).

Harrobiko taldeen lehiaketak atsedena hartuta ibili dira, baina Lagun Onakeko alebin eta jubenil mailako taldeek zelaietan ospatu zituzten Gabonak.

Horrela, alebinek itxura ona eman zuten Zubietan abenduaren 23an eta 24an jokatutako torneoan. 50 taldek hartu zuten parte eta, azkenean iritsi ez arren, finalaren atarian gelditu ziren Azpeitikoak, joko maila ona erakusteaz gain partidarik ez baitzuten galdu bi egunetan. Lagun Onakeko alebinek babesle berria ere estreinatu zuten Zubietan.

Jubenilek, berriz, Realarekin eta Eibarrekin hiruko lehia jokatu zuten Garmendipen, ikusle ugariren aurrean, abenduaren 23an. Lagun Onakek bere mailatik gora jokatzen duten bi talderekin indarrak neurtzeko aukera izan zuen eta, era berean, taldetik ateratako lagunekin berriro elkartzekoa ere bai. Izan ere, Realaren jubeniletan bi azpeitiarrek jokatzen dute: Jon Guridik eta Ignazio Otañok. Guridi min hartuta dago eta ezin izan zuen bere talde ohiaren kontra jokatu; bai, ordea, Ignazio Otaño atezainak.