Aurrerantzean igandeetan ez dute zaborrik jasoko Azpeitian

Uztarria.eus 2011ko abe. 22a, 20:12
Mari Karmen Arregi (Aizarnazabal), Joxe Erramun Goikoetxea (Bidegoian), Leire Etxaniz (Azpeitia), Ruben Alberdi (Zestoa) eta Inaxio Gorosabel (Azkoitia), Mankomunitateak gaur Azpeitian egin duen agerraldian.

Hondakin bilketaren kostua %15 jaisteko neurriak iragarri ditu Urola Erdiko Mankomunitateak

Arazo ekonomikoek eta kontzientziazio nahiak bultzatuta hartu dituzte neurriok, "zaborra norbanakoen arazoa dela ohartarazi" nahi dutelako

Urola Erdiko Mankomunitateak hondakin bilketaren kostua %15 jaisteko helburua du eta, horretarako, hainbat neurri hartuko ditu. Gaur iragarri dituzte neurri horiek, Mankomunitatearen lehendakari den Leire Etxaniz Azpeitiko zinegotziaren ahotik, eta berehala jarriko dituzte indarrean.

Azpeitiak, Azkoitiak, Zestoak, Aizarnazabalek, Errezilek, Bidegoianek eta Beizamak osatzen dute Urola Erdiko Mankomunitatea, eta elkarte horren ardura da zazpi udalerrietako hondakin bilketaren kudeaketa. Gaur, osteguna, iragarri dituzten neurriek bost udalerritan neurri batean edo bestean aldaketak ekarriko dituzte hondakinen bilketan; Bidegoian eta Errezil dira orain arte bezala jarraituko dutenak.

Azpeitiari dagokionez, aurrerantzean igandeetan ez dute zaborrik jasoko, ezta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean ere.

Krisiak administrazioetan ere eragindako arazo ekonomikoek eta kontzientziazio nahiak bultzatuta hartu dituzte neurriok, "zaborra norbanakoen arazoa dela ohartarazi" nahi dutelako. "Sailkapena ondo egiten bada, ez da beharrezkoa izango zaborra egunero jaistea. Are gehiago, zaborra egunero jaisten duenak, hondakinen sailkapena ez duela ondo egiten erakusten du", esan dute Mankomunitatearen kideek. Zabortegietan hondakinak isurtzeagatik ordaindu beharreko tasa urtetik urtera igotzen doala gogoratu dute. "Ezinbestekoa da -diote Mankomunitatean- hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzea, horrela sortzen dugun zaborra askoz ere gutxiago izango baita eta ordaindu beharrekoa ere bai".

Ildo beretik, ohi baino hondakin gehiago sortzen den Gabon inguru honi begira hainbat aholku eman nahi izan ditu Urola Erdiko Mankomunitateak. "Hondakinak ez erosi, erosi produktuak", izan da horietako bat.