Aurrekontu parte-hartzaileen prozesua "populista hutsa" dela dio EAJk

Uztarria.eus 2011ko abe. 19a, 19:12

Prozesuaren aurkezpena aurrez zinegotziei ez zaiela egin diote, "horiek direnean erabat modu ireki eta demokratikoan aukeratuak izan diren ordezkari benetako eta bakarrak"

"Udaletxean aurkeztu, eztabaidatu, mugarritu eta onartu behar dira Azpeitiaren etorkizuna osatuko duten aurrekontu eta proiektuak"

Azpeitiko EAJ oso kritiko agertu da udal gobernuak 2012rako aurrekontuak osatzeko abian jarri duen parte-hartze prozesuarekin. "Populista hutsak" dira aurrekontuak tajutzeko bidean antolatu dituzten ekitaldiak, EAJkoen esanetan.

Alde batetik, prozesuaren aurkezpena aurrez zinegotziei ez zaiela egin diote, "horiek direnean erabat modu ireki eta demokratikoan aukeratuak izan diren ordezkari benetako eta bakarrak". Aurrekontuak lantzeko "bide normala" horien zirriborroa Udaleko batzorde informatzaileetan aurkeztea, eztabaidatzea eta, ondoren, osoko bilkuran onartzea dela dio EAJk. "Herri parte-hartze politikoa, Bilduk hain gustuko duena, erabat bermatua dago sistema hori erabiltzen bada, batzorde informatzaileak irekiak izaten baitira", diote.

Bestetik, Udaleko batzorde informatzaile batzuk oraindik ez direla lanean hasi ere badiote jeltzaleek, "eta horrela ezinezkoa da ezer lantzea".

Bilduren udal gobernuaren ekimena "proiekturik ezaren isla bakarrik" denaren susmoa azaldu dute EAJn.

Hona hemen EAJren oharra:

"Orain hiru egun eskas Azpeitiko gobernuan dagoen Bildu koalizioak ekitaldi bat antolatu zuen Sanagustinen, aurrekontuen zirriborroa edota intentzioen deklarazio huts bat aurkezteko azpeitiarrei, ekitaldi ireki batean.

Guztiz harrigarrua egiten zaiguna da aurkezpen hori ez zaiela aurrez zinegotziei egin, horiek direnean erabat modu ireki eta demokratikoan aukeratuak izan diren ordezkari benetako eta bakarrak, eta ez baitira eztabaidatu dagozkion batzorde informatzaileetan, eztabaidatuak izan eta oposizioko taldeen ekarpenak jaso zitzaten.

Izan ere, gainean dugun 2012. urterako aurrekontuak eztabaidatu eta osatzeko bide normala aurrekontu zirriborroa legealdi berriaren haseran eratu ziren batzorde informatiboetan aurkeztea zen, eta partidaz partida eztabaidatzea, eta ondoren, dagokion osoko bilkuran, plenoan onartzea, aurrekontu hori behar bezala aztertzeko beharrezkoa izan ohi den dokumentazioa aurrez banatuta. Hori da orain arteko legealdietan egin izan dena, EAJ-PNVren gobernupean izan diren legealdietan, eta diru publikoen kudeaketan aritzen diren korporazio eta erakunde politiko guztietan erabili ohi den sistema.

Herri parte-hartze politikoa, Bilduk hain gustuko duena, erabat bermatua dago sistema hori erabiltzen bada, batzorde informatzaileak irekiak izaten baitira, eta horretarako gogoa duen edozein pertsonak hartu baitezake parte, bere iritziak emanaz eta askatasun osoz aurkeztuz bere ekarpenak.

Oso beldur gara Bilduk daraman jarduera-ildo hau proiekturik ezaren isla bakarrik dela, eta ekitaldi ustez jendetsuetan izkutatzea, galeriari begirako ekitaldiak bakarrik eginez, haietan gertatzen den partaidetza ez baita ezeren errepresentatiboa. 100 pertsonako partaidetza (kopuru horretara iritsi badira, ezetz uste baitugu) Azpeitiko biztanleriaren (14.000 biztanle inguru) %1 baino gutxiagoren ordezkaritza da, eta kopuru horrek ez dio inolako legezkotasunik ematen herri oso baten jarduera-ildoak erabakitzeko. Udal hauteskundeetan demokratikoki aukeratutako ordezkariek, berriz, badute legezkotasun hori, alderdi bakoitzak hauteskunde horietan jaso zituen botoen portzentajean (gure alderdiak Azpeitiko 2.000 herritar baino gehiagoren bultzada izan zuen).

Udaletxean aurkeztu, eztabaidatu, mugarritu eta onartu behar dira Azpeitiaren etorkizuna osatuko duten aurrekontu eta proiektuak, eta ez du ezertarako balio atzera begira aritzeak, gaur eguneko egoerara nork eraman gaituen erabakitzeko (bide batez, esan behar da aurreko legealdian, gaur egun Bildu osatzen duten alderdiek izan zutela alkatetza beren eskuetan legealdiaren lehenengo erdian, eta bigarren zatian ere, zinegotzietan zuten gehiengoari esker, presioa egiteko aukera erabateko eta osoa izan zutela). Horrela ibili beharrean, bada garaia, gobernu berria sartu zenetik zazpi hilabete igaro diren honetan, garatu nahi dituen proiektu eta ildo nagusien berri eman diezagun gainerakoei Bilduk.

Horrez gain, adierazi behar dugu orain dela zazpi hilabete izendatu ziren batzorde informatzaileetako batzuek oraindik ez direla lanean hasi, eta ez dutela lehenengo bilera ere egin, eta horrela ezinezkoa da ezer lantzea, edota inolako proposamenik aurkeztea.

Edota Bilduk beldurra dio bere aurrekontu eta proikektuak Udalean eta dagokion batzordeetan aurkezteari?".