Aurrekontu parte-hartzaileen prozesua eta bileren egutegia aurkeztu ditu Udalak

Uztarria.eus 2011ko abe. 15a, 20:12
Herritarrak, Sanagustinen egindako aurkezpen bileran.(AZPEITIKO UDALA)

Hogeita bat bilera egitea aurreikusten dute; aurrena gaur, osteguna, 20:30ean Urrestillako jubilatuen lokalean

Parte-hartzea arautzeko ordenantza prestatzen ere ari da Udala

2012rako aurrekontua herritarren parte-hartzea oinarri hartuta osatu nahi du Udalak. Esperientzia pilotu bezala martxan jarri den prozesuaren aurreneko hitzordua atzo, abenduak 14, izan zuten, prozesua aurkeztu eta aurreneko urratsak emateko baliatu zuten batzarrean.

Eneko Etxeberria alkatea eta Ainhoa Beristain eta IƱaki Portilla zinegotzien eskutik, Udalaren asmo eta helburuen berri jakin ahal izan zuten gerturatu ziren 100 herritarrek. "Egunerokoan harreman asko izan ditugu hainbat arlotako eragileekin: kultura, kirola, festak, enpresak, sindikatuak, auzoak... eta aurreko legegintzaldian Udala eta taldeen arteko elkarlana bultzatzeko sortu ziren mahaiak martxan mantendu ditugu. Arloetako mahaiak, ekarpen garrantzitsuak direla uste badugu ere, bide hori sakondu beharra ikusten dugu. Gaurkoan beste pauso bat eman nahi dugu", agertu zuen Ainhoa Beristain Euskara eta Auzoak sailetako zinegotziak.

2012rako aurrekontuak aztertzeari ekin diote jada udal zinegotziek. Atzoko bileran azaldu zutenez, bi fasetan banatu dituzte eta urtarrila eta martxoa izango dira "hilabete ardatzak": "Udala eta herria martxan jarraitzeko, oinarri-oinarrizko aurrekontuak onartuko ditugu urtarrilean. Jarraian, otsailean jakingo dugu 2011ko aurrekontuen likidazioa eta Gipuzkoako Foru Aldunditik etorriko den laguntzaren kopurua. Horregatik, dugun soberakina zenbatekoa den jakingo dugu eta berau prozesu parte-hartzailean jasotako behar eta ekarpenei erantzuten saiatuko gara, aurrekontuetan txertatuz", azaldu zuen Eneko Etxeberria alkateak.

Parte-hartzea arautzeko ordenantza prestatzen ere ari da Udala, Sanagustinen gogorarazi zutenez. "Aitzindari izango den ordenantza hau, Udalaren funtzionamendua egokitzeko bide orria izango da. Teknikari eta zinegotziak hilabeteak daramatzate ordenantza prestatzen, ideia nagusiak definitu dira, baita zirriborroa prestatu ere", nabarmendu dute udal ordezkariek.

Bileren egutegia

Aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren barruan hogeita bat bilera egitea aurreikusten dute; aurrena gaur, osteguna, 20:30ean Urrestillako jubilatuen lokalean.

Abenduan eta urtarrilean zehar, hauek dira bilerentzat zehaztu dituzten egunak:

Abendua

  • 26, Aratzerreka
  • 27, Soreasu
  • 28, Sanjuandegi
  • 29, Nuarbe

Urtarrila

  • 3, Garmendipe
  • 4, Alde Zaharra
  • 9, Loiola
  • 10, Loiolabide eta Euskara
  • 11, Lasao
  • 12, Matxinbenta, Arana/Santutxo eta Kultura
  • 13, Landeta eta Juan XXIII
  • 16, Merkatariak
  • 17, Emakumeak
  • 18, Baserritarrak
  • 23, Festak
  • 24, Gizarte Zerbitzuak
  • 25, Gizarte Zerbitzuak (behar sozialak) eta Hezkuntza
  • 26, Kirola
  • 27, Gazteak eta Gizarte Zerbitzuak (dependentzia, urritasun fisikoak, 3. adina...)

Bilera bakoitzaren ordua eta lekua aurrez jakinaraziko zaie arlo bakoitzeko eragile eta herritarrei.