Bilduren ustez, errauskailua ez da derrigorrezkoa Lapatx ixteko

Uztarria.eus 2011ko abe. 14a, 11:12

Koalizioaren ustez, hondakinen inguruko politikak "lehentasuna" izan behar du

Azpeitiko Bilduk gaur egungo azpiegituren plangintza eta eraikuntza geldiarazteko eskatu dio Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari

Azpeitiko Bilduk gaur egungo azpiegituren plangintza eta eraikuntza geldiarazteko eskatu dio Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari. Bilduren arabera, bere hauteskunde programarekin bat Zubietako errauskailua gelditu egin behar da, "gaia egoki aztertzeko". Koalizioaren arabera, Azpeitian ere Europako zuzentarauak eta legeak ezartzen dutena betetzea da asmoa, "hala, hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea eta birziklatzea sustatzeko neurriak hartzen jarraitzea sustatuz".

Bidea ez beste baten kaltean

Azpeitiko Bilduk esan duenez, Lapatx zabortegia ixteko adostutako epea errespetatu behar da eta epe hori ez luzatzea exijitu behar da, "baina horretarako ez da derrigorra errauskailua egitea", esan dute. "Azpeitiak gai honekin kalte handiak jasan ditu, eta jasaten ditu, baina irtenbidea ezin da etorri beste herri batek antzekoak edo okerragoak diren kalteak jasanda". Hori dela-eta, Bilduren ustez hondakinen inguruko politikak "lehentasuna" izan behar du, eta legeak betetzearekin batera Lapatx itxi behar da.

Bilduren arabera, baliabideak mugatuak direnez, sortutako hondakinak orain arte bezala zabor gisa ezin dira tratatu. Horregatik, Zero Zabor edota ahalik gehien birziklatzea ahalbidetzen duen sistema baliagarriena zein den aztertu beharko da, sistema egokiena "ahalik eta azkarren" martxan jartzeko.