Lapatxek sortzen duen usainaren kontuan "nahikoa dela esateko unea" dela dio Udalak

Uztarria.eus 2011ko abe. 7a, 19:12

"Azpeitiak ezin du itxaron, eta zabortegiak sortzen dituen arazoak konpontzeko urgentziazko neurriak exijitzen dizkiegu arduradun guztiei", esan du Eneko Etxeberria alkateak

Azpeitian gertatzen ari dena "oso larria" dela jakinarazi dio Udalak Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari

Lapatxeko zabortegiak Azpeitian eragiten dituen arazoak direla eta, bereziki usainak eragindakoaren aurrean, "nahikoa dela esateko unea" iritsi dela dio Udalak, Eneko Etxeberria alkatearen ahotik.

Alkateak azaldu duenez, azken hilabeteetan bizilagun asko joan dira udaletxera herrian dagoen usain txarraz kexatzera. Udalak, bere aldetik, hainbat bilera egin du gaiari irtenbidea emateko helburuarekin, bizilagunekin zein erakundeetako arduradun eta teknikariekin. "Gure legealdia hasi orduko izan ditugu harremanak Gipuzkoako eta Eusko Jaurlaritzako arduradunekin, eta behin eta berriz jakinarazi diegu Azpeitian gertatzen ari dena ezin dela onartu", esan du alkateak.

Azpeitian gertatzen ari dena "oso larria" dela jakinarazi dio Udalak Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari. Joan den urriaren 4ko udalbatzarrean Lapatx adostutako epean ixtea -2013an- eskatu zuten, aho batez. "Baina hori ez da nahikoa", Etxeberriaren esanetan: "Azpeitiak Gipuzkoa osoarekiko elkartasuna adierazi duela ezin du inork zalantzan jarri. Elkartasun hori benetakoa dela ere ez. Bestela, pentsatu beste zabortegiak itxita nola dauden eta gurea, aldiz, irekita. Eskualdean ere guk daramagu zama. Zabortegiaren kalteak Azpeitiko lurrak eta biztanleak pairatzen dituzte".

Horregatik, nahikoa dela esateko unea dela uste du Udalak. "Bizilagunen eguneroko bizitza normala une hauetan ia ezinezkoa da egitea -dio Eneko Etxeberriak-. Askoren negozioak ere kinka larrian daude. Ondorioz, Azpeitiak ezin du itxaron, eta zabortegiak sortzen dituen arazoak konpontzeko urgentziazko neurriak exijitzen dizkiegu arduradun guztiei. Eta arazoetaz hitz egiten ari garenean argi eta garbi esan nahi dugu, usainaz ari gara".