"Kondena, justizia eta errespetua" aldarrikatu ditu Inazio Uriaren familiak, haren hilketaren hirugarren urteurrenaren bezperan

Uztarria.eus 2011ko abe. 1a, 19:12

Larunbaterako, abenduaren 3a, elkarretaratzea deitu dute Loiolan (13:00), ETAk enpresaburua hil zuen tokian dagoen monolitoan

"Atentatu terroristak hizki larriz kondenatzen ez dituen inor ez dugu nahi aldamenean", diote, komunikabideetara igorri duten idatzian

Larunbatean, abenduaren 3an, hiru urte beteko dira ETAk Inazio Uria hil zuela. Hilketaren hirugarren urteurrenaren bezperan, Altuna y Uria-ko enpresaburuaren familiak "kondena, justizia eta errespetua" aldarrikatu ditu, komunikabideetara igorri duten idatzi batean.

Aurten ere hilketaren urteurrena gogoratzeko eta "ETAren atentatu guztien kondena erreibindikatzeko" 15 minutuko elkarretaratze ixila egingo dute Loiolan, ETAK enpresaburua hil zuen tokian Inazio Uriaren omenez eraikitako monolitoan. Gaur, osteguna, plazaratu duen idatzian, Uriaren sendiak "gizarte osoari" dei egiten dio "kondenaren erreibindikazio" horretan parte hartzera. "Atentatu terroristak hizki larriz kondenatzen ez dituen inor ez dugu nahi aldamenean", diote.

Uria familiaren komunikatua

Hau da, osorik, Inazio Uriaren familiak Kondena, justizia eta errespetua goiburuarekin zabaldu duen komunikatua:

"Garai berri baten aurrean gaude, dudarik gabe. Etorkizuna justua eta bakea iraunkorra izan daitezen gauzak ondo egitea tokatuko zaigun garaia dugu aurrez aurre. Baina bakea ez da lortzen amore emanez eta herri honek bizi izan duen izu eta sufrimendu historia ahaztuta. Bakea ez da soilik agintarien esku dagoen zerbait. Gutako bakoitzak du egoera hau behin betikoa izan dadin lortzearen ardura.

Beste behin, terroristen atentatu guzti-guztiak kondenatu nahi ditugu. Horretarako, eta abenduaren 3an urtero ohi dugun bezala, Inaxio Uria, gure senarra eta aita gogoan elkartuko gara ETAren atentatu guztien kondena aldarrikatzeko. Gizarte osoari dei egiten diogu kondenaren erreibindikazio horretan gurekin bat egitera, baina atentatu terroristak hizki larriz kondenatzen ez dituen inor ez dugu nahi aldamenean. Indarkeria gaitzestea ez zaigu nahikoa iruditzen. Gaitzespenak eta kondenak eskutik joan behar dute, eta oraindik ez ditugu hitz horiek entzun ezker abertzaleko agintarien ahotik. Eta etorkizunean entzungo bagenitu ere, guretzat beti izango da berandu.

Batzuek diotenez, gure herrian oraintsu arte gerran egon gara edota gatazka armatuan. Baina, errealitate ankerra eta gordina da errugabeak hil dituen talde terrorista bat egon dela, euskal herritar guztion izenean Espainiako Gobernua presionatu nahian, euskal herritarrok nahi genuen aurreneko gauza sare terrorista osoa desagertzea zenean. Hemen inposaketa handi bat egon da: ETAk inolako epaiketarik gabe jende errugabeari inposatu dion heriotza zigorra. ETAk oinarrizko giza eskubide guztiak urratu ditu, salbuespenik gabe, hiltzen zaituztenean gainerako eskubide guztiak kentzen dizkizutelako. Giza eskubideak beti edozein ideologiaren gainetik egon behar dira. Helburuak ez ditu inoiz bitartekoak justifikatuko eta ez dago beste pertsona baten bizitza merezi duen idealik. ETA ez da militarki soilik garaitua izan, moralki ere garaitua izan da.

Era berean min handia egin digu biktimak beraien atentatu koldarretan hildako terroristekin parekatu nahi izateak. Hori da biktimen familiek jasan behar izaten dugun hainbat umiliazioetako bat. Terroristak, diktadoreak, tratu txarrak ematen dituzten matxistak, hiltzaile komunak denek dute helburu bera: indakerian oinarrituta biktimak menperatzea, eta era horretan euren helbururen bat lortzea, sarritan atzera bueltarik ez duen horretara, hilketara, iritsiz. Hiltzaile batzuek zergatik dituzte jarraitzaileak? Ezker abertzaleak zergatik batzuk kondenatzen eta beste batzuk justifikatzen ditu?

Ez dugu ez errukirik ez barkamenik behar, justizia, kondena eta errespetua baizik. Hainbeste kalte egin dutenek beraien delituak ordain ditzatela. Guretzat beti izango da berandu, lortu den guztia eta lortuko dena. Ezker abertzalean inongo gizatasunik ere ez dugu ikusten. Beraiek guzti honetan zerbait irabazi dutela uste dute eta beraiegatik ETAk hiltzeari utzi diola. Baina ez da beraiegatik izan, gainerako guztiongatik baizik. Eta egia esan ez dakigu zer irabazi ahal izan duten hainbeste min eta sufrimendu eraginez. Oker daude, beti bezala. ETAk aurreneko biktima hil zuenean haiek guztiek galdu zuten".