Azpeitiko hiru igerilari Euskal Herriko Txapeldun, Gipuzkoako selekzioarekin

Uztarria.eus 2011ko aza. 30a, 12:11
Gipuzkoako selekzioko kideak.

.28 neska-mutilek osatzen dute Gipuzkoako taldea eta hiru azpeitiarrak dira: Pablo Etxeberria, Jon Aizpuru eta Oihana Goenaga

Jon Aizpuru eta Oihana Goenaga, txapelketa honetan lortutakoari esker Espainiako Txapelketan izango dira

Infantil mailako igeriketako Gipuzkoako Selekzioak Euskal Herriko selekzioen txapelketa irabazi zuen joan den zapatuan, Gasteizen. 28 neska-mutilek osatzen dute Gipuzkoako taldea eta hiru azpeitiarrak dira: Pablo Etxeberria, Jon Aizpuru eta Oihana Goenaga.

Pablo Etxeberria 1500 metro librean eta 400 metro librean lehiatu zen, eta laugarren eta hirugarren postuak lortu zituen, hurrenez hurren. Jon Aizpuru 100 metro eta 200 metro bularrez probetan hartu zuen parte, eta bietan lehenen sailkatu zen. Gainera, taldekako 4x100 metro estiloetan ere hartu zuen parte, eta proba horretan ere lehenengo postua lortu zuen.

Oihana Goenaga, berriz, 100 metro librean eta 400 metro estiloetan lehiatu zen, eta bigarrengo eta lehenengo postuak lortu zituen. Oihanak ere taldekako probetan parte hartu zuen: 4x100 metro librean eta 4x100 metro estiloetan. Bietan lehen postuak lortu zituen.

Aipatzekoa da Jon Aizpuru eta Oihana Goenaga igerilari azpeitiarrek lortutakoa: Jon Aizpuruk 13 urtekoen Euskadiko bi errekor lortu zituen.

Oihana Goenagak, berriz, Gipuzkoako 12 urteko igerilarien artean beste bi marka jarri zituen zituen.

Jon Aizpuru eta Oihana Goenaga, txapelketa honetan lortutakoari esker, abenduaren 10ean eta 11n Madrilen jokatuko den Espainiako Txapelketan Euskadiko Selekzioarekin parte hartzeko txartela lortu dute.