Kultur jardunaldiak antolatu dituzte Urola Ikastolakoek abendurako

Uztarria.eus | Kultura
2011ko aza. 30a, 09:11

Bihar, osteguna, hasiko dira jardunaldiak, eta Apaizac obeto dokuementala emango dute

Bestalde, Urola Ikastolako eta Baionako Lizeoko ikasleek elkartrukea egingo dute abenduko hirugarren astean

Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHI-koek kultur jardunaldiak antolatu dituzte abendurako. Antolatzaileek esan dutenez, "Urola ikastolaren helburu irmoetako bat Euskal Herriko kultura eta balioak zabaldu eta garatzea izanik, Hizkuntza Normalkuntzakook Kultur Jardunaldiak antolatu ditugu".

Jardunaldiak Sanagustin Kulturgunean izango dira eta bertan, Apaizac obeto dokumentala, zein Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroa: Brujeria eta inkisizioa eta 1512: Nafarroaren konkista eta historia hitzaldiak eskainiko dituzte. Ekimen horietan "Euskal Kulturgintzan adituak diren hainbat pertsonen ekarpena" izango dela adierazi dute antolatzaileek. Sarrera doakoa izango da, eta Urola Ikastolakoek esan dutenez, "jardunaldietara etortzeko gonbita luzatzen dizuegu guraso eta herritar guztioi".

Baionakoekin elkartrukea

Bestalde, Urola Ikastolako eta Baionako Lizeoko ikasleek elkartrukea egingo dute abenduaren hirugarren astean (hilaren 12tik 17ra).

Honatx, jardunaldietako egitaraua:

Abenduak 1, osteguna: Apaizac obeto dokumentala. Hiru aldiz emango dute: 08:00etan, 09:45ean eta 11:15ean.

Abenduak 5, astelehena: Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroa: Brujeria eta inkisizioa hitzaldia. Bi aldiz entzuteko aukera egongo da; 09:00etan eta 11:00etan. Idoia Arrieta izango da hizlaria.

Abenduak 19, astelehena: 1512: Nafarroaren konkista eta Nafarroaren historia hitzaldia. Bi aldiz emango dute hitzaldia; 09:00etan eta 11:00etan. Beñi Agirre izango da hizlaria.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu