Miren Fernandez: "Oso garrantzitsua da txiki-txikitatik musika entzutea eta barneratzea"

Urola Kostako Hitza 2011ko aza. 29a, 12:11
Miren Fernandez eta Antxon Sarasua diskaren aurkezpen ekitaldian.

Lo lo maite diskoa osatu du Antxon Sarasua zarauztarrarekin batera

Haurraren hazkunderako tresna baliotsu izatea du helburu

Haurraren garapenean musikak berebiziko garrantzia duela diote adituek. Haien esanetan, bizitzako lehen hilabeteetan jasotzen diren doinuak eta abestiak dira garrantzitsuenak, armonian bizitzeko oinarri sendoa ekarriko diotelako haurrari. Miren Fernandez musikaria ados dago baieztapen horiekin. Azpeitian jaiotakoa da Fernandez eta gerora Zarautzera joan zen bizitzera. Berak txiki-txikitatik izan du musikarekin lotura sakona, eta horrek bestelako sentsibilitate bat garatzen lagundu dio. Lo lo maite diskoa osatu du Antxon Sarasua zarauztarrarekin batera, eta, besteak beste, haurraren hazkunderako tresna baliotsu izatea du helburu.

Zuk txiki-txikitatik musikarekin lotura sakona izan duzu; amaren sabelean zinela ere entzuten zenuen musika. Haurrarentzat melodiak eta doinuak txikitatik barneratzea garrantzitsua dela diozu. Lo lo maite diskoa haurraren garapenerako onuragarria izango dela uste al duzu?

Bai, nik beti izan dut etxean musikaren presentzia. Nire gurasoak oso musikazaleak dira, eta amak Unai Hirukoa taldean abesten zuen. Lotura handia izan dut, beraz, betidanik musikarekin. Duela gutxi, gainera, bi urterekin Loiola Herri Irratian abestu nuela jakin nuen. Hitz egiten baino lehenago ikasi nuen abesten.

Nire ustez, oso garrantzitsua da txiki-txikitatik musika entzutera ohitzea eta hura barneratzea. Bestelako sentsibilitate bat garatzen du haurrak. Eta Lo lo maite diskoko abestiek ere horretan laguntzea espero dugu.

Haurrei zuzendutako abestiak dira, baina, aldi berean, familian entzuteko balekoak.

Bai, hala da. Lo kantuek osatzen dute diskoa, baina melodia errazak izan arren, jazz ikutuak ere badituzte. Antxon Sarasuak egindako moldaketak zoragarriak dira. Hori dela eta, ez dira nolanahiko sehaska abestiak. Familian, giro etxekoi, intimo eta goxoan entzuteko diskoa da Lo lo maite.

Hamaika kantuk osatzen dute disko berria. Batzuk ezagunak dira, besteak ez hainbeste. Abesti berriak sortu dituzue?

Bai, Antxon Sarasuaren lana izan da hori. Lehendik eginak zituen baina ez ziren hain ezagunak. Horiek ere gehitu dizkiogu kantu bildumari. Bestalde, euskal tradizioko abestiak sartu ditugu, Euskal Herriko etxe gehienetan haurrari lo hartu aurretik abestu zaizkien sehaska kantuak. Diskoan bada nire familian belaunaldiz belaunaldi abestu izan den lo kantu bat ere.

Abestiok, beraz, euskal kulturaren transmisioan paper garrantzitsua jokatuko dute.

Bai, euskal abesti tradizionalak gehitu ditugu, eta horrek belaunaldi berriek kantuok barneratzea ekarriko du. Eta horiek agian euren seme-alabei bere garaian abestuko dizkiete, transmisioa bermatuz.

Sehaska kantuez gain, kantu jolasek ere osatzen dute Lo lo maite. Zein da horien helburua?

Haurrak jolas ludikoen bitartez ikastea da kantuon helburua. Diskoko abesti batek, esaterako, etxe bat irudikatzen du.Etxe hori haurraren gorputza da, eta hala, berak bere gorputz atalen kontzientzia hartzen du.

Disko didaktikoa dela esan al daiteke?

Didaktikoa baino gozatzeko diskoa da. Goxoa da, samurra, lasaigarria. Era berean, esan bezala, haurraren garapenerako beharrezko baloreak transmititzen ditu; sentsibilitatea lantzen da, transmisioa bermatu, besteak beste.