Euskarazko produktuei eta opari egokiei tartea egiteko gomendioa

Uztarria.eus 2011ko aza. 25a, 19:11
Ezkerretik eskubira, Imanol Amenabar, Ainhoa Beristain eta Leire Etxaniz, gaurko agerraldian.(EUSKARA PATRONATUA)

Aurtengo Euskarazko Produktuen Katalogoa etxez etxe banatuko du aurten ere Azpeitiko Udalaren Euskara sailak

Gazteria eta Parekidetasun sailek haurrentzako jostailuak ondo aukeratzearen garrantzia nabarmendu dute; azaroaren 30ean hitzaldia izango da gaiaren gainean Emakumeen Txokoan

Aurtengo Euskarazko Produktuen Katalogoa etxez etxe banatuko du aurten ere Azpeitiko Udalaren Euskara sailak. Euskal Herriko 200 udalerrik bat egiten dute katalogoaren ekimenarekin eta guztira 200.000 ale banatuko dituzte aurten. Horietatik 5.000 dira Azpeitian zabalduko direnak; gaur, ostirala, hasi dute etxez etxeko partiketa, eta egun gutxi barru herriko etxe guztietara iritsiko da euskarazko filmak, jostailuak, jokoak, musika, komikiak, aldizkariak, liburuak, informatika eta abar jasotzen dituen argitalpena. Interneten ere kontsulta daiteke, www.katalogoa.org webgunean.

Ainhoa Beristainek (Udaleko Euskarako batzordeburua), Imanol Amenabarrek (Gazteriako batzordeburua) eta Leire Etxanizek (Parekidetasuneko batzordeburua) aurkeztu dute katalogoa gaur Euskara Patronatuaren egoitzan. Beristainek "bizi dugun krisi egoeran" euskarazko produktuen aldeko apustua bereziki garrantzitsua dela nabarmendu du: "Euskarazko produktuak kontsumitu ezean desagertu egingo dira euskarazko produktuak sortzen dituzten kultur industria horiek eta, orduan, merkatua erabat erdaldunduko zaigu eta gure seme-alabentzat saltokietan ezingo ditugu euskarazko produktuak eskuratu". Horregatik, aurten Gabonei begira "ahalegin berezia" eskatu nahi die azpeitiarrei Udalak, "euskarazko produktuak erosteko eta oparitzeko".

Gomendioak eta hitzaldia

Euskarazko produktuak oparitzeaz gain, haurren kasuan produktu horiek beste ezaugarri batzuk betetzea ere aholkatu dute udal ordezkariek, umearen garapenean edota genero rolen banaketan eragin positiboagoa bultzatzeko. Gazteria eta Parekidetasun sailek haurrentzako jostailuak ondo aukeratzearen garrantzia nabarmendu dute. "Haurraren jolasak librea izan behar duen arren, jostailuaren hautaketa oinarrizkoa da bere garapena bideratu eta jolasaren kalitatea bermatzeko", esan du Imanol Amenabarrek. Leire Etxanizek, bere aldetik, jostailuek askotan genero rolak finkatzerakoan hartzen duten pisuaz ohartarazi du, eta eragin hori parekidetasunaren irizpidetik egokia izaten laguntzeko hainbat aholku eman ditu.

Datorren asteazkenean, azaroaren 30ean, hitzaldia izango da gaiaren gainean Emakumeen Txokoan. 19:30ean hasita eta bereziki guraso, hezitzaile eta irakasleei zuzenduta, Txatxilipurdi elkarteko Itziar Ulibarri-Aranak Nola egin jostailu egokia aukeratzeko! gaia jorratuko du hitzaldi horretan.