Fernando Morillo: "Sortzaileei eta irakurleei begira egongo den argitaletxea da Gaumin"

Uztarria.eus | Kultura
2011ko aza. 24a, 18:11

Argitaletxe propioa sortu du Azpeitiko idazleak eta aurreneko lau liburuak ere aurkeztu ditu

Bereziki irakurle gazteengan pentsatuta egin nahi du lan: "Libreago sortu nahi nuelako, eta argitaletxeek gazteen eskari horri kasu handirik egiten ez zietela ikusita, Gaumin sortu dut"

Fernando Morillok Donostiako Dokan aurkeztu du Gaumin argitaletxearen proiektua. (NAIARA IBAR)  Argazki originala

Fernando Morillok proiektu berria du esku artean, eta ez nolanahikoa. Argitaletxe propioa sortu du Azpeitiko idazleak, Gaumin, eta aurreneko lau liburuak ere aurkeztu ditu gaur, azaroaren 24a, Donostiako Dokan egin duen agerraldian. Su tanta bildumako Deabruaren letaginak eta Hildakoei esker eta haien erruz, Su/Zu gazte bildumako Izuaren Pasabidea, eta Marko panpinak trapuzko amets dira liburuak.

Morilloren esanetan, "sortzaileei eta irakurleei begira egongo den argitaletxea da Gaumin". Ohiko argitaletxeekiko harremana aldatu eta sortzaileek beren lanarekiko kontrol gehiago izango duten eredua landu nahi du, sortzaileekin "perbertsoa" den kultur industriaren joera apurtzea: "Sortzaileek abiatzen eta indartzen dute kulturaren bidea, baina aldi berean azken txotxongiloak dira bere lanaz erabaki garrantzitsuak hartzeko orduan... eta zer esanik ez fruitua jasotzeko".

Irakurleei dagokienez, berriz, bereziki irakurle gazteengan pentsatuta egin nahi du lan Morillok. "Hainbat irakurle gaztek (eta ez gaztek) adierazitakoaren arabera, gaurko edizio ugari ez datoz bat beren egarri eta gustuekin. Eta irakurle gazte horiek galdu egiten ditugu. Betiko. Ez gutxitan, bestelako zerbait aldarrikatzen dute, hurbilagoa, dinamikoagoa, deigarriagoa. Teknologia berriak, soinuak, irudiak, sare-sozialak... Makina bat irakurle gaztek ere oihu egiten dute", azaldu du idazleak. “Libreago sortu nahi nuelako, eta argitaletxeek gazteen eskari horri kasu handirik egiten ez zietela ikusita, Gaumin sortu dut".

"Ametsik nahi?" galderarekin hartzen du bisitaria Gaumin-en webguneak

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu