Amaiur irabazle Azpeitian, bozken %54,14rekin

Uztarria.eus 2011ko aza. 20a, 21:11

EAJ izan da bigarrena, botoen %32,01 eskuratuta

2008ko hauteskundeetan baino askoz txikiagoa izan da abstentzioa gaur; %32,79koa

Amaiur izan da gaur, igandea, alderdirik bozkatuena Espainiako Kongresurako hauteskundeetan Azpeitian. Botoen %100 dago zenbatuta, eta Amaiurrek bozken %54,14 jaso du. EAJk, berriz, botoen %32,01 eskuratu du. 2008ko Espainiako hauteskundeetan %55,4 lortu zuen alderdi jeltzaleak.

Aurten azken bozetan baino txikiagoa izan da abstentzioa; %32,79. 2008ko hauteskundeetan abstentzioa %50,8koa izan zen; orduan, ezker abertzaleak abestentziorako deia egin zuen.

PSE-EE izan da hirugarren alderdi bozkatuena; %6,19rekin. Laugarrena PP izan da, botoen %5,02 lortuta. Ezker Batuak botoen %0,94 eskuratu du, eta UPyDk bozken %0,18a.

Bototan: Amaiurrek 4.012 boto, EAJk 2.372, PSEk 459, PPk 372, IUk 70.

Ikusi Azpeitiko emaitzak koadro honetan:

Erreakzioak

Eneko Etxeberria (Amaiur): "Beste pauso bat da hau herri honek merezi duen bakea lortzeko. Herritarrak botoz boto esperantzari ateak irekitzen ari dira. Politikan, arriskatzen duenak, argudioak erabiltzen dituenak, herriaren babesa jasotzen du.

Amaiurren emaitzak benetan onak dira, bai Euskal Herri mailan, bai Azpeitian. Baina, apaltasunez, bihartik aurrera lanean jarraitzea tokatzen zaigu, une oro, gelditu gabe, herritik eta herritarrentzat".

Pello Elorza (EAJ): "Ondo joan zaigu Azpeitian. Bakean, edo armak isilduta behintzat, egin ditugun aurreneko hauteskundeak izan dira, bakoitzak bere kontzientziaz eta gogoz botoa emateko aukera izan dugu herritar guztiok. Lortu ditugun emaitzak onak izan dira eta eskerrak eman nahi dizkiegu guri botoa eman diguten azpeitiar guztiei.

Euskal Herri mailan izandako emaitzekin ere gustura gaude; pena izan da Gipuzkoan Amaiurrekin borrokan ibili garen aulki hori ez lortzea. Aurrera begira ere, orain arte bezala, EAJk lanean jarraituko du Madrilen, Euskadiren autogobernu maila areagotzeko eta ahalik eta eskumen gehien eskuratzeko".

Espainiako hauteskundeetako 2008ko emaitzak Azpeitian

EAJ. 2.937 boto (%55,54).
PSE-EE. 840 (%15,89).
EA. 675 (%12,76).
PP. 342 (%6,47).
Aralar. 319 (%6,03).
EB. 120 (%2,27).
Beste 11 alderdik %0,22tik behera lortu dute (%1,04).
Abstentzioa. %50,8
Baliogabeak. 63 (%1,15).
Txuriak. 121 (%2,21).

Espainiako hauteskundeetako 2004ko emaitzak Azpeitian

Boto ofizialak kontuan hartuta.
EAJ. 3.807 boto (%55,01).
EA. 1.336 (%19,31).
PSE-EE. 529 (%7,64).
Aralar-Zutik. 450 (%6,5).
PP. 443 (%6,4).
IU-EB. 246 (%3,55).
Abstentzioa. %25,59 (2.874 lagun).

Bergarako ekimena (Espainiako Justiziak boto baliogabetzat jo zituen). 1.438 (%17,21).

2000ko Espainiako hauteskundeak Azpeitian

EAJk bozken %57,38 lortu zuen. EAk %20,91 eskuratu zuen. Batasunak, berriz, abstentzioa eskatu zuen. (Abstentzioa: %48,51).

2011ko Udal eta Foru hauteskundetako emaitzak

Maiatzaren 22an egin ziren Udal eta Foru Hauteskundeetan, 4.333 boto eskuratu zituen Bilduk, 2.219 EAJk, 326 Aralarrek, 213 PSE-EEk, 185 PPk eta 483 Hamaikabatek. %27,89koa izan zen orduan abstentzioa. 2011ko udal hauteskundeetako emaitzak kontsultatzeko egin klik hemen.